Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Pellokeriak

Herbeheretarren artean zabaldutako eztabaida omen da eguberrietako opariak banatzera doan San Nikolasen laguntzailearen irudiarena. Hango Olentzero da Nikolas hura eta, tradizioak dioenez,  Turkiako Anatoliatik Espainian barna egungo Holanda Erresumara doa haur guztien etxeetara.

Bere lana burutu ahal izateko, ordea, laguntzaileak dauzka, morroiak alegia, Zwarte Piet izenekoak ( Pello beltzak) eta, denak bat eginik, gabonetako kalejiretan ibilitzen dira Herbeheretako herrietan kalez-kale.

Morroiak bertakoak izaten dira baina beltzen itxuraz mozorrotzen dira azala tinturaz ilunduz eta ileorde kizkurraz hornituz ( hemengo Baltasar erregearen antzera…).

Jarrera hori arrazista delakoan, Nazio Batuen Elkarteko Giza Eskubideen Aholkulari Gorenak erabaki behar izango du aurten ohiko martxak nola egingo diren.

Horren aurrean oldartu da Geert Wilders, herbeheretarren buruzagi eskuindarra zeinak bertako tradizioen aurka kanpoko esku-hartzerik ez duela onartuko zabaldu duen. Polemika hor dago, beraz. Batzuentzat  Zwarte Piet deitutakoa kolonialismoaren irudi gaiztoa besterik ez den bitartean, besteentzat eguberrietako betiko tradizio da soilik.

Pello honen istorioarekin, gainera, “politikoki zuzena” den mintzaira salatu nahi dute. Hori dela eta herri kultura mehatxatua baitago, haien ustez.

Zwarte Pieten kontra aritzea herbeheretarren izaeraren kontra ere jotzea dela argudiatzen dute eskuinak.

Ene aburuz  herbeheretarren izaeran ez da sartzen, berez, kolonialista izatea, historikoki halaxe izan badira ere…baina, egia esanda, “politikoki zuzena” den mintzaira erabiltzeak bakarrik ezin ditu errealitate alde zikinak aldatu eta garbitu.

Egun hauetako berria ere izan da Israel Estatuaren etorkinei buruzko azken legeak inolako epiketarik gabe urte beteko espetxealdia baimentzen duela.

Kolonialismo guztiak ez dira historikoak eta ez daude tradiziozko irudiekin lotuak baina “politikoki zuzena” den mintzairak ez digu gauzak diren bezala adierazten uzten eta “pellokerietan” galtzen gara.

Halere, kontuz pellokeriekin, izaera eta tradizioa besteen arketipoen aurka eraiki behar izaten denean ezin baita esan hitz-jario eskuindarra oso urruti dabilenik.

Fito Rdz

Buscar