Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Presoak mintzo eta politikoak entzungor

 

Duela gutxi galdetu izan zaie euskal presoen kolektiboko bozeramailei ( Xabier Alegriari eta Lorentxa Gimoni) gatazkaren irtenbidean presoek nola ikusten duten beren burua eta argi esan dute ez dutela aurreikusten 77ko Amnistiaren antzeko irtenbiderik bestelako ereduaz lanean ari direla baizik. Halere, hori entzunda, politiko gehienen adierazpenak orduko Amnistia hartu dute hizpide hura ez dela errepikatuko azaltzeko.

Bistan da ohiko politiko hauek ez dakitela historiaz, ez matematikaz ( kontuak gaizki egin ohi dituztelako…), ez eta idazten edo irakurtzen, beraiek sortutako legeek diotenari kasu egiten ez diotelako, baina, hau harrigarriena, ez omen dakite ez eta entzuten dutena aditzen ere! Eta, hala Xabierri nola Lorentxari erantzuten diote beraiek aipatu ez dutenari beste Amnistia ez dela egongo errepikatu esanez…

Franco hil ondoren, errepresioaren aurrean, herriaren protagonismoa gero eta handiagoa izan zen kalean amnistiaren eskaerarekin baina amnistiarena da, hain zuzen, berrirakurri edo birplanteatu egin behar den orduko gauzetariko bat, nire ustez..

Hau da, zein puntutaraino amnistiak Euskal Herriaren alde jo zuen guztiz edo funtsean, amnistia izan zen, aldez edo moldez, frankismoaren aldetik erabilita beraiek egindako guztia ezabatu ahal izateko?

 

Amnistiaren Legeak ekarrita, aldaketa handia bazetorrela ikusi genuen. Baina, dagoeneko, 36 urte pasatu dira garai hartatik, eta bide horretatik iritsi gara jada oraingo ziklo politikoaren aldaketa honetara, non, independentziaren hautuaren aurrean, funtsezkoa zaigun gure esperientziatik behar bezala ikasi ahal izatea orduko hankasartzeak ez errepikatzeko .

Eta hor, nik uste dut, kokatu egin beharra dagoela amnistiaren aldarrikapen hura. Eta ildo horretatik planteatu egin beharra dago, nolabait, zein puntutaraino amnistia horrek on edo txar egin zigun gainerakoei, espainiarrez bestekoei. Izan ere, amnistiaren bila borrokan geundenean, eta nik ikusi nituen, noski, nire lagunak kartzeletatik kalera ateratzen borroka haien ondorioz… baina amnistia horrekin batera, frankismoak lortu zuen ziurtatzea beraiek egindako sarraski guztiak juzgatu gabe geratuko zirela.

Egun, ordea,  justizia trantsizionala deitutakoa agerraraztea beharrezkoa izaten da aldaketarako bidean,  orduan egiterik izan ez zena.

Argentinako edo Txileko diktaduren egoera bertan behera geratu da 1983an. Irlandarren irtenbidea hasi zen  planteatzen 1999tik aurrera. Timorren, baita ere, 1995ean edo hortik aurrera. Beno, zenbait tokitan munduan zehar planteatu izan dute aipatu justizia trantsizionala, nik ezagututako Irlandan, Argentinan, Txilen, Perun, Timorren, Hego Afrikan... aurrera eraman dute dagoeneko hemengo Trantsizioa deitutako hartan planteatzerik izan ez zen justizia trantsizionala.

Baina justizia trantsizionala honek zer suposatzen du?

Ohiko justiziak bere bidea egiten baldin badu biktimen aurrean eta egindako kalteen aurrean aritzeko, trantsiziozko justizietan pentsatu egin beharra dago haiek zer-nolako zeregina bete behar duten. Beraz, biktimei kasu egiteagatik trantsizio politikoaren prozesu bera, aldaketarako prozesu berau, bertan behera gera ez dadin justiziak zer egin behar duen asmatzen jakin beharra dago[1]. Orduan, justizia mota berezi bat izaten da hori, justizia trantsizionala deritzana (justizia poetikoa, agian?...)[2] eta, normalean, gauzatu egiten da Egiaren Batzordeen bidez. Hau da, Hegoafrikan kasu, hala Estatuak nola haren kontra aritutako oposizioak ere, egindakoaren berri eman behar izan dute aipatu Batzordearen aurrean, horrela egin ez duena legez kanpo utziz…Egiaren Batzordeak jasotakoa, berriz, ez da, berez, ohiko legeen arabera juzgatua izango balizko aldaketa politikoaren onerako baina, edozein modutara, ezin izango da aldaketa burutu, aurreko kontuak argitu gabe.

 

Hori ez zen gertatu Trantsizio garaian eta, aldiz, Amnistiaren legearekin, adibidez, zer gertatu zen?

Bada, hauxe, ezin izan zela aurreko frankismoaren garaiko gertaerei berrikuspena egin eta, are gutxiago, ondorio ofizialik bilatu. Eta horretan oinarritu izan da Espainiako Gorengo Tribunala, Garzón epaileari esateko, hain zuzen, Amnistia Legeak ez zuela ahalbidetzen, ez duela baimentzen, ezertxo ere egin ahal izatea frankismoaren krimenen aurrean[3].

Orduan, nire galdera, hau aztertzerakoan, zera da: ondo egin al genuen amnistia eskatzen, kontutan izanik amnistia bera beraiek, frankistek, erabili behar zutela eta horrek baldintzatu egingo zuela zetorren egokitzapen politikoa?Aurreko ankerkeria guztiak ordaindu gabe gera daitezen eskatu genuen orduko amnistia?

Justizia Trantsizionala  behar dugu aldarrikatu eta, horrekin batera, jakina, presoak kalera!

Ohiko politikoak oraingoz hau ulertzeko gauza ez izan arren entzun behar izango dute hemendik aurrera gero eta ozenago.

 

 

 



[1] Rodriguez, F (2012) Biktimari agurka. Utriusque Vasconiae. Donostia.

[2] Ibañez, J.(1988) “Cuantitativo, cualitativo”. In Terminología científica-social. Anthropos, Barcelona . 218-233 or. Non, gizarte sistema poietikoez hitz egiten duen, zurruntasuntik at, egoeraren araberako giza harreman eredu desberdinak sortze bidean.

[3] Nahiz eta 2008tik NBEak frankismoarenak gizateriaren aurkako krimen gisa izendatua izan, “munduan beste asko bezala” Ivan, A (2012) BERRIA 20012/09/20. 

Buscar