Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Trumpen gezurrak

 

 

Nork esango zuen Donald Trumpek presidentzia AEBetan irabaziko zuenik? Donald Trump kexu omen da bere kontra zabaltzen omen diren gezurrak direla eta. Horregatik Trump, bere twitterean, Fake Newsen sortzaileak aipatzen ditu: NBC news, ABC, CBS eta CNN telebista-kateak, bere ustez, zeren eta Trumpek berak esandakoa, alegia bere presidente-kargua hartzeko ospakizunak inoizko jendetsuenak izan omen zirela, gezurtatzeko irudiak eta datuak eman zituzten. Beraz, nork sortzen ditu gezurrak?, Trumpek berak edo NBC newsek, ABCk, CBSk eta CNNk, datuak eman arren…?

AEBetako 2016ko hauteskundeetan Aita Santua Trumpen alde zegoela agertu eta zabaldu zen Facebooken bidez eta ia milioi bat aldiz partekatua izan zen. Ez zen egia, noski. Aita Santuak berak ezeztatu zuen, baina, halere, jende andanak sinetsi zuen.

D. Trumpen garaipena Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeetan, edo Bolsonarorena Brasilen, gezurren gainean eriki ziren. Izan ere, bai Hillary Clintonek eta baita demokratek ere gehien batean, ohiko hedabide sistema: telebista, irratia, periodikoa, New York Times eta enparuak, landu zituzten. Ohiko prentsa eta hedabideak demokraten alde zeuden.

Trumpek eta Trumpen kanpainakoek zer egin zuten? Twitter, instagram, whatsapp, facebook..., erabili eta, orduan, haiei buruzko informazioa jasotzen zuten bakoitzari emateko, noski, tratamendu informatiko baten ondoren, hark entzun nahi zuena, etorkinen inguruan, batik bat, islamismoaren erabilera dela bide, beldurrak sortzeko gezurrak erabili zituzten.

Horrek ekarri zuen gaurkoa, alegia, Fake News-en trataera horrek eraman zuen Trump garaipenera. Eta, aldiz, ohiko informazio sistemak, bai egunkariak eta bai ohiko hedabide guztiek, sekulako “kolpea” hartu zuten.

Edozein modutara ere, nahiz eta hedabideen erabilera hori oso berria izan, aipatutako Trumpena zenbait politikoren aspaldiko ezaugarria dugu. Adibidez, non daude suntsipen Bushen garaiko handiko armak “armas destrucción masiva” deituak, Irak bonbardatzeko funtsezko argudiotzat erabiliak? Zer-nolako istorioa sortu zen Irakek eta Sadam Husseimek omen zituzten arma horien inguruan?

Trump gezurti patologikoa da, eta twitteren hain lotsagabe dabil gezurretan ezen sareak berak erantzun dion ohar pare baten bidez kontua itxi egingo diola esanez baina berak, aldiz, arrapostu die: "nire adierazpen-askatasuna eragotzi nahi duzue".

Hau da, gezurrak esateko aukera mugatzea edo bere twitter kontuaren erabilera debekatzea bere askatasunari eraso egitea da Trumpen ustez eta, ondorioz, berak horrenbeste ibilitako twitter plataforma osoa ixtea ari omen da deliberatzen.

Esaera zaharrak dioenez, Erromak ez die traidoreei ordaintzen...

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Buscar