Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Turkiako gobernuaren itzal iluna Armenian

 

Hititengandik baita Urartiarrengandik omen datoz egungo armeniarrak. Haiastan da haien herrialdea beraien hizkuntzaz Haik, ustez Noe biblikoaren biloba batengandik datozelako haien tradizioak dioenez. Hizkuntza jatorri indoeuroparrekoa dute, eta oso litekeena da Armenia herri indoeuroperen sorlekua izatea.

Armeniarren arteko tradizio poetikoa hain da luzea ezen idazketaren espektro osoa zeharkatzen duen, idazketa kuneiformetik orain arte.

Armenia, K.a. 301 urtean Munduko lehen kristau nazio bihurtu zen. 1915eko apirilaren 24an, berriz, turkiarrak Armeniako intelektualak hasi ziren atxilotzen eta, azkenean, 800 atxilotu eta hil zituzten. Genozidioaren hastapena eta asimilazio kulturala bertako intelektualak desagerraraziz hasi zen, bada.

Turkiako Estatuaren erabakia politikoa izan zen: hau da. Armeniako lurraldea hustu eta turkiarrekin betearaztea, horrela, 1915 eta 1923 artean, Turkiak lurraldearen 10 zatitik 9 ak eskuratu zituen.

Horretarako genozidio izugarria burutu behar izan zuten. Horrela, 600 mila eta milioi eta erdi pertsonen artean hil zituztela kalkulatzen da, nahiz eta Turkiak oraindik ere, horixe ukatu.

Egun Armenia estatu independentea da, funtsean, Sobiet Batasunak, armeniarren erro kulturaletan oinarriturik, autodeterminazio eskubidea onartu zielako.

Aipatu turkiarren ukazio horren aurka armeniar idazleek sekulako lan egin dute munduan zehar Turkiaren anexionismo maltzurra agerian uzten.

Beraz, jarrera bortitza bezain negazionista dago Azerbaijan eta Armeniaren artean orain berriro piztu den borrokaren atzean, Turkiako gobernuaren itzal iluna, alegia.

Hala eta guztiz ere, hango idazleek, lehengo lepotik burua, Turkiako amarruak agerian uzten segitzen dute, Sylva Gaboudikan kasu.

 

SYLVA GABOUDIKÁN

(1919-2006)

 

Armeniako hiriburua den Yerevango ekintzaileak eta poetak azeriar turkiarrek armen bidez hartutako lurren auzia salatu eta haien askapenaren alde borrokatu zuen kalean eta literaturan.

Hona hemen hori buruzko olerki esanguratsu bezain hunkigarri.

 

 

 

BIZIRIK ITZULI

 

Agur esateko

besterik ez izan arren

azken aldia bada ere

 

berriro ni zauritzeko

ziztatzen duen sarkasmoaren

azido gogorrarekin izan arren

 

beste min-mota ekartzeko bada ere

oraindik bestearen besarkada freskoaz izan arren

Itzuli, etorri besterik ez.

Buscar