Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Txuso

Jesus Fernandez Naves, Argentinan eta Gasteizen borrokatutako lagun asturiarra joan da hilbeltz honetan. Txusorekin batera bizitakoaz eta berri honek ekarritako oroitzapen eta sentimendu saminez agertarazi ahal izateko honako hau idatzi dut.

Oroitzapen partekatuen hilotsa

Martxoak ez zuen ekarri udaberririk

hotza egiten zuen Gasteizen Madrilerako bidea hartu genuenean

eta hotz gehiago egiten zuen Madrilen informatzeko langile iraultzaileen asanblada egin genuen tokian

baina hotz gehiago egiten zuen Carabancheleko patioan Imanolekin hitz aspertutarako elkartu ginenean

eta are hotz gehiago ziegetan, eta dutxetan... nahiz eta gu bihotz berokoak izan orduan.

Orain hilotza zara zu eta ez gaitu gehiago ferekatuko zure ahotsak

ate batzuen atzean infernuak bizi direla diote

ate batzuen atzean Herioak hartzen gaituela badakigu
eta izerdi hotzez naukazu

Urte asko pasa dira, baina oroitu behar da eta amets egin behar dago:

existitzen al da nonbaiten guk irudikatzen genuen gizarte hori?

mundua ez da amaitu non zauden ez jakin arren

gurekin geratzen baitira zure egitasmoak, besarkadak, zure bizitza

zure bizia amaitu arren

ez zaitut imajinatu nahi Txuso; utzi lo egiten pixka bat,

tzanda

akituta nago gaur, eta zu hilik

baina, halere, oso gozoa da goiza gaur

negua denbora baterako baino ez da,

eta orduko Madrilgo gaueko iluntasun hura ahaztu gabe

zuri idaztera animatu naiz

eta zutik nago, ikusten duzu, eta bidean nago

eta lore gorriak behar den tokira eramango ditut

berriro ere udaberria etorriko delakoan

aski da hilotsaz.

Fito Rodriguez, Egian 2021eko Urtarrilaren 19an

Buscar