0 comentarios

Elysium: zientzia-fikzioa?

Uda honetan Euskal Herriko zine aretoetan Elysium izeneko zientzia-fikziozko filma dago ikusgai. Zuzendaria Neill Blomkamp da, District 9 lan nabarmenaren egilea. Azken honetan desberdina denarekiko bazterketa eta beldurra era orijinalean lantzen zuen, estralurtarren bidez apartheid-areriko erreferentzia argia eginez. Oraingo honetan gizartearen banaketa soziala dakargu gai nagusitzat. Hona hemen Elysium filmaren trailerra:

  

Irudi ikusgarriak baditu ere, ez da, nire uste apalean, film ona, alde batetik gidoiak zulo eta zentzugabekeria handi samarrak dituelako eta bestetik pelikula estatubatuarrek askotan izaten duten bukaera sinestezin eta sinple horietako batekin borobiltzen baita filmaren deskalabrua. Beste askotan bezala, baliabide tekniko ikaragarriak istorio errazegi eta hutsal baten mesedetan. Aitzitik, film honek gauza interesgarriak baditu ere. Niri bi gogoeta ekarri dizkit gogora:

 

Bat: zientzia-fikziozkoa da? Printzipioz bai, istorioa 2.154 urtean kokatzen baita. Baina filmak aurkezten duen egoerak, hau da, eroso-eroso bizi daitekeen gutxiengo aberatsa egoteak, gehienak miserian dauden bitartean, ez al dauka antza handia gure planetan gaur egun dugunarekin? Argi dago baietz. Agertzen diren auzo pobreak, etxeak eta giroa oso bereak sentituko lituzkete, filma ikusiko balute, Amerikako, Asiako eta Afrikako pertsona askok. Eta pelikulan agertzen den fabrikan irudikatzen diren lan baldintza tamalgarriak eguneroko errealitate latza dira leku askotan.  Beste hainbeste esan dezakegu, beste aldera joz, aberatsen munduari buruz. Izan ere, zientzia-fikzioak, gehienetan, mundu berriak sortzeaz gain, egungo arazoei buruz gogoeta egiteko ere balio du. Elysium honetan muturreraino eraman da banaketa soziala, aberatsak lurretik kanpo, satelite erraldoi batean, kokatuz eta klase ertaina desagerraraziz. Baina, ez al da, hain zuzen ere, krisiaren eraginez, gure gizartea hartu duen bidea? Aberatsak aberatsago, gainontzekoak gero eta pobreago eta lan baldintzak okerrera?

 

Bigarren gogoeta: filmean banaketa sozialaren ardatzetako bat osasun zerbitzua lortzean datza. Elysium izeneko satelite artifizialean aberatsek errez lortzen dute osasun zerbitzu kalitatezkoa eta eraginkorra etxetik bertatik atera gabe; aldiz, Lurreko biztanleek, pertsona gehienek, osasun zerbitzu mugatu eta baliabide eskasekoa dute. Izan ere, faltatzen zaizkigun arte, ez gara askotan ohartzen zerbitzu publikoak zein garrantzitsu diren bizitzaren duintasuna eta oinarrizko berdintasuna bermatzeko. Gurean osasuna ere negozio bihurtu nahi dute, Estatu Batuetan dagoen eredua jarraituz. Hori egiteko aitzakia, gastua gutxitzea. Baina datuek bestelako ondorioetara eramaten gaituzte: AEBetan Barne Produktu Gordinaren % 17,4aren inguruan kokatzen da osasun gastua, eta hori sistema nagusiki pribatizatu baten barruan, pertsona guztiei osasun zerbitzua bermatzen ez diena, non familientzat gaixotasun larri batek miseria ekonomikoa ere ekar dezakeen. OCDEko gainontzeko herrialdeetan askoz gutxiago gastatzen da osasunean; % 11,8 Frantzian, adibidez, eta biztanle guztientzako zerbitzua eskainiz. Diferentzia argia da: osasun eta aseguru enpresa handi eta boteretsuak daude AEBetan, izugarrizko dirutza irabazten dutenak. Batzuentzat negozio bihurtu nahi dute guztion ondarea beharko lukeena.

 

Azken datu hauek 2001ean Ekonomia Nobel Saria jaso zuen Joseph E. Stiglitz katedratikoak dakartza bere El precio de la desigualdad liburuan. Liburu oso aberatsa eta gomendagarria da, ikuspegi kritikoa duena merkatuaren dinamikaz eta oraingo krisiari buruz, nahiz AEBak dituen ildo nagusitzat. Erabaki politiko eta ekonomikoen nondik norakoa ulertzeko ideia interesgarriz betetako testua dugu. Azpititulua argia da: biztanleen % 1ek dauka %99k behar dutena. Liburu hau irakurtzeak haserrea eragingo dizu, agian, baina ekonomiaren funtzionamenduaren inguruan gauza askoren ezagutza interesgarria ekarriko dizu, dudarik gabe.

 

/