0 comentarios

ETORKINAK ETA EUSKARA GURE ESKOLETAN

Duela gutxi, Ikastolen Elkarteak dokumentu bat atera du eskola segregazioaren harira (“Atzerritzar jatorriko ikasleen eskolatzeaz” izenekoa). Gauza ugari komentatu daitezke bertako balorazio eta proposamenen ingurua. Hona bereziki deigarria eta arriskutsua iruditu zaidan ideia ekarriko dut; hau da testua: “hizkuntza ereduek nabarmen eragiten dutela desoreka honetan, kanpotik datozen ikasleek familia askok hizkuntza eta kultura hegemonikoen eredura jotzen baitute; eta horrela, euskara da zenbait herritan gurean ez matrikulatzeko arrazoi nagusienetako bat”.

 Hau da, euskaldun izaera da oztopoa atzerritar jatorriko ikasleek Ikastolen Elkarteko ikastetxeetan matrikula egiteko. Hezkuntzaren errealitatea ezagutzen ez duenak “erosiko” du argudio hori. Baina ez egia, ez dira “asko” erdararen hautua egiten dutenak: aitzitik, atzerritar jatorriko ikasle gehienek euskaraz ikasten dute. Bagenekien, baina oraingoan EAEn eginiko azken txostenak berrestu du. Txosten horrek ikasle hauek bi multzotan desberdintzen ditu: alde batetik, gurasoak atzerrikoak dituzten ikasleak eta, beste aldetik, jatorriz atzerritarrak diren ikasleak. Lehen Hezkuntzan atzerritar jatorria duten ikasleen banaketa honakoa da: %71,2 D ereduan (euskarazko irakaskuntza) eta %24 B ereduan (elebiduna), eta %4,8 soilik A ereduan (gaztelaniazko irakaskuntza); ikasle “atzerritarrak”, aldiz, honela banatzen dira: %63,6 D ereduan, %27 B ereduan eta %8,7 soilik A ereduan. Kultura hegemonikoak arlo askotan eragina duela gauza segurua da, baina nekez justifika daiteke horrekin eskola segregazioa, jatorri atzerritarra duten ikasle gehien-gehienek euskarazko irakaskuntza dutenean. Ikasle hauek ikastola pribatu-itunduetan ez egoteko arrazoia ez da bertan euskarazko irakaskuntza egiten dela.

 Izan ere, atzerritar jatorriko ikasle gehienek euskaraz ikasten dute eta, gainera, gehienek (%71,1) ikastetxe publikoetan. Ikasle hauek dauden eskoletan, beraz, euskarazko irakaskuntza lantzen da, euskaraz moldatzeko gaitasuna izatea eta lantzea. Baina ez hori bakarrik, horrekin batera euskararen ingurukoak eta euskal kultura bizi eta bereganatu egiten dute ikasle hauek: gure mitologia pertsonaiak, gure ohiturak, jaiak, kantak … Eta oso ona da hori. Ona ikasle hauentzat, gizartean integratzeko beharrezkoa delako hizkuntza eta kultura ezagutzea eta bi hizkuntza ofizialak jakinda aukera gehiago izango dutelako. Ona euskararako, hemendik denbora batera gehienak euskaraz ulertzeko eta moldatzeko gai izango direlako. Ona gizarte osorako, integrazioa errazten duelako, gizartearen balio komun batzuk transmititzen direlako. Atzerritar jatorriko ikasleekin lanean dabiltzan irakasleak zerbitzu handia ari dira egiten zailak diren helburuetan. Gure hizkuntzaren biziraupena, gizarte kohesioa, aukera berdintasuna  … lantzen ari dira, askotan baldintza oso desegokietan eta baliabide eskasekin. Bada garaia lan honen aitortza egiteko eta eskertzeko.

 Baina, batez ere, bada garaia segregazioaren arazoari  neurria hartzeko, oso egoera tamalgarrian bideratzen ari baita ikasleen integrazioa. Bada garaia erabakiak hartzeko eta gure hezkuntza zatikatzen duen banaketa segregatzaileari aurre egiteko. Hezkuntza arloko arduradun politikoek ez dute orain arte egin, eta proposamenak egin zaizkienean ez dituzte aintzat hartu: lotsatzekoa da bere garaian Gasteizko udalaren proposamenari inolako kasurik ez egitea, nahiz eta hezkuntza eragileen akordioarekin egin zen (irakaskuntza publiko eta pribatukoen adostasunaz); eta, era berean, lotsagarria da eskola segregazioaren inguruko lege proposamen herrikoiari eztabaida ateak lehen momentutik itxi izana. Hor definitu dute agintari politikoek zein den bere apustua: segregazioa mantentzea.

Aurreko kontura itzuliz, segregazioa garai batean A ereduarekin lotuta bazegoen ere, gaur egun ez da honela gertatzen, eta D ereduko ikastetxe publiko asko (urtez urte gero eta gehiago) duten egoera da. Gaur egun, publiko-pribatu ardatza da segregazioa hoberen azaltzen duena. Pribatizazioak eta politika neoliberalek bultzatzen duten politikaren ondorio zuzena da banaketa soziala. Hezkuntzan ere bai.

/