0 comentarios

GAUZAK ALDATZEN ARI DIRA (1)

Batxilergoan Sokrates aurreko filosofoak ikasten genituenean bazegoen pare bat bitxi samarrak zirenak: Parmenides eta Heraklito. Lehengoak adierazten zuen aldaketa ezinezkoa zela eta gauzak beti gauza bera zirela. Heraklitok, aldiz, etengabeko aldaketa aldarrikatzen zuen, errekaren irudi famatu harekin: errekan.inor ez da inoiz ur berean bainatzen.

 

Gure errealitate soziopolitikoa bi jarrera hauek isla dezakete. Izan ere, batzuetan iruditu zaigu Euskal Herria geldiune eterno batean zegoela,  tranpa aldagaitz batean bezala: betiko jarrerak, betiko arazoak, betiko emaitzak, betiko diskurtsoak, Parmenidesen teoria baieztatzeko adibide ezin hobea.

 

Hala ere, Heraklitori arrazoia emateko moduak bizitzen ari gara azken boladan, gauzak mugimenduan daudela ikusiz: egoera berriak, planteamendu berriak, aukera berriak … Ezin uka gauzak aldatzen ari direna; ez bakarrik Euskal Herrian, Espainian eta Catalunyan ere bai. Espainian bandera errepublikarren loratzea, edota Catalunyako prozesua, mantso baina sendoa urrera doana,nork imajina zitzakeen duela urte gutxi? The Times They Are A Changing kantatzen zuen Bob Dylan:

 

Ez al dauka gaurkotasunik Bob Dylanen kanta zahar hau? Hona hemen letraren hainbat zati euskaraz:

Onar ezazue urek

Gora egin dutela zuen inguruan

Eta aitortu ezazue laster

Hezurretaraino blai egongo zaretela

/.../

Ea, senatari eta kongresista,

Entzun ezazue deia

Ez geratu atean, ez oztopatu bidea

Zauriturik aterako baita

Atzean geratzen dena

Kanpoan bataila dago,

Bataila latza, eta

Laster zuen leihoak astinduko ditu

Eta zuen hormak dardararaziko

Garaiak aldatzen ari dira eta

/.../

Gurpilak etengabe jarraitzen du biraka

Eta inork ez dezake esan

Norengana zuzentzen den

Oraingo galtzaileak

Geroago irabaziko baitu,

Garaiak aldatzen ari dira eta.

/.../

Zuen bide zahar hori

Azkar-azkar ari da zahartzen

Kantaren letra entzutean Espainian –eta Hego Euskal Herrian ere–  gobernuan egon diren bi alderdi nagusi bezain lotsagabeen egoera datorkit burura: bien arteko nagusitasunaren amaiera susmatu daiteke azken bozketaren emaitzetan eta kalean berpizten ari diren protestetan. Askotan PPsoE alderdi bakarra bezala irudikatua izan dena gainbehera betean dagoela dirudi: “Your old role is rapidly aging” (“Zuen bide zahar hori azkar-azkar ari da zahartzen”).

 

Azken hauteskunde europarren ondoren aldaketaren sinbolo eta erreferentzia Podemos indar politikoa da, askoren ustez; ukaezina da lortu dituen emaitzek ustekabea eman dutela Espainiako paisaia politikoan. Baita, kontuz, Euskal Herrikoan ere. Izan ere, aintzat hartzeko boto kopurua jaso du Hegoaldeko lau probintzietan. Baina horrek beste gogoeta batera garamatza, laster plazaratuko den hurrengo post-ean  hona bertara ekarriko duguna.

 

 

/