0 comentarios

Ebaluazioaz eta erlijioaz

Berriki argitaratu da EAEn Batxilergoko curriculuma ezartzen duen Dekretua. Bertan, espero genuenez, ez zaio LOMCE lege maltzurrari aurre egiten. Heziberri prozesuan albistea litzateke hori gertatzea. Izan ere, Heziberri dugu LOMCEren euskal izena. Beraz, dekretu honek bere baitan jasotzen ditu Madrilgo legeriaren eskakizun guztiak, ikasgaien antolaketa, baldintza akademikoak, errebalidak eta abar. Gauza asko komenta daitezke honen inguruan, eta eragile askok hala plazaratu dute behin eta berriro. Nire aldetik soilik bi kontu ekarriko ditut hona gaurkoan:

1. HEZKUNTZAREN EBALUAZIOA: Azken urteotan lehentasunezko gaia bilakatu da irakaskuntzaren ebaluazioa: txostenak eta txostenak, ikerketak, PISAren emaitzak … Ez dut esango dena gaizki dagoenik. Nik neuk txosten hauetako asko interesez irakurtzen ditut, nahiz eta emaitzak erlatibizatu ere egin behar direla uste dudan. Bestalde, oso eztabaidagarria da erakunde batzuetako jarduna eta interesak, duten hezkuntzaren ikuspegiagatik (adibidez, ELGA-OCDE da PISA txostenaren arduraduna). Dekretura bueltatuz, zortzigarren kapitulu osoa, hau da, lau artikulu oso, ebaluazioaz mintzo da. Bertan aipatzen dira ISEI erakundea, PISA probak, unibertsitatea...  Eta, hala ere, ebaluazioaren diseinua begiratuz, hainbeste konturen artean, inon ez dut aurkitu jasotzen duten hezkuntzaren kalitateaz ikasleei galdetuko zaienik. Eta hau bai da harrigarri samarra. Badakit proposamen hau batzuei jasanezina zaiela, ia-ia tabua; baina produktu baten kalitateaz ganorazko ikerketarik egin daiteke bezeroak alde batera utzita? Batxilergoko ikasleak ez dira ume txikiak (eta ez nuke gutxietsi nahi ume txikien pertzepzioa!); zergatik ez zaie beraiei galdetzen? Seguru nago zer pentsa eta zer hobetu emango liguketela. Agian ... horrexegatik ez zaie galdetzen.

2. ERLIJIOA, ATZO, GAUR ETA BETI: XXI. mendean sarturik, oraindik ere hezkuntza sistema konfesionala daukagu. LOMCE lege pribatizatzaile eta atzerakoiak erlijio konfesionala indartu egiten du curriculumean, eta Heziberrin ere hala jasotzen da; batxilergoko dekretu honen Bigarren Xedapen Gehigarrian, adibidez, honakoa esaten da:

- Ikastetxe guztiek, pribatu zein publiko, eskaini behar dute derrigorrean erlijioa, besteak bezalako aukerako ikasgai moduan, eta Hezkuntza Sailak bermatuko du eskaintza hau egiten dela.
- Beste ikasgaiak bezalaxe, espedientearen nota ertaina ateratzeko balioa izango du!
- Hori bai, erlijioaren edukiak eta curriculuma “eliza-hierarkiak eta erlijio-agintariek” (sic) ezarriko dute; ez dago esan beharrik, diru publikoz jarraituko dira ordaintzen irakaskuntza hauek

Franco hil zenetik, eta badira hainbat urte,  gauza batzuk ez dira hobera joan; izan ere, oraindik hezkuntza sistema konfesionalean gaude sarturik. Eta okerrera ere egin du konturen batek: berria da erlijioa curriculumaren batxilergoko nota ertainetarako balio izatea.

Euskal Herriak beste hezkuntza eredua behar du, hauetan eta beste arlo askotan. Aldaketak egiteko lanean jarraituko dugu, noski, kontu hauetan eta beste askotan: hezkuntza tresna funtsezkoa da gizarte justuagoa lortzeko, dauden desberdintasun ikaragarriei aurre egiteko.

Hezkuntza ereduaz eta gizarte ikuspegiaz, Hegoamerikatik gogoeta oso interesgarriak; 15 minutu labur, merezi du, ikus ezazu:

 

/