0 comentarios

HEZKUNTZA HIRUELEDUNA: TRANPA AGERIAN BALEAR IRLETAN

Marko hirueleduna ezarri nahi du Balear irleetako PPko gobernuak. Orain arte katalana bazen hizkuntza nagusia eskoletan, orain ingelesa, gaztelania eta katalanaren artean banatu nahi dute eskola-denbora ume eta gazteek "ingelesa ikas dezaten". Betiko argudioak eta betiko tranpak hizkuntza txikiak eskuratzen dituzten esparru urrietatik mugiarazteko.

Hemen ere musika hori ezaguna zaigu. UPN-PP-PSOE gobernuetan egon direnean horretan saiatu dira, euskarak dituen eskola orduak murrizten ingelesaren aitzakiarekin. Nafarroan oztopoz oztopo dabil euskarazko irakaskuntza eta bertan hasi zen erasoa, ingelesa edonola sartuz, gurasoen aukeraketa gero eta euskaldunagoa mantsotzeko. Geroago EAEn ere antzeko asmoetan ibili zen PPSEren gobernu hura; orduan, harrigarria bada ere, Ikastolen Elkartearen laguntzarekin.

Ez dut nik esango ingelesa jakitea onuragarria ez denik, ezta frantsesa, edo arabiera, edo txinera, edo katalana, edo ... Badakit gurasoentzat bereziki garrantzitsua dela umeek ingelesean ongi trebatzea. Noski. Baina hezkuntzan egin diren planteamenduek, bereziki alderdi unionistetatik, gutxi zuten hizkuntzen irakaskuntza hobetzetik eta nahiko hizkuntza txikien aurkako jarreratik.

Oraingo honetan, Balear uharteetan PPko gobernua tematu egin da hirueledun eredua txertatzean, eskola komunitatearen aurkako jarreraren gainetik. Gatazka pilpilean dago: greba, manifestazioak, eskola zuzendariak kargutik kentzea, protestak eskoletan, sinboloen inguruko eztabaida eta neurriak ... Balear Irleetako hezkuntza komunitatea, bereziki irakasleon eskuz,  erantzun ederra ematen ari da katalanaren aurkako eraso honetan. Gobernua, aldiz, tematuta dago gaiarekin eta borrokak luze joko duela dirudi.

 Eztabaina Diputatuen Kongresuraino heldu da, ERCko Bosch diputatuaren eskuz; ingelesez hitz egiten hasi ez da ba! Kanporatua amaitu da ERCkoa:

 

 

 

/