0 comentarios

Honetan ere, gezurrak

Aurreko astean idatzizko komunikabide eta irratizko tertulia gehienek honako albistea jaso zuten, Hezkuntza Ministeriotik zetorrena: PISA ikerketan oinarriturik, Euskadi da komunitaterik kaskarrena ikasleen ordukotasunari dagokionean (%36 heldu zen berandu PISAren aurreko  bi asteetan, Espainiako batez bestekoaren % 24aren aldean). Harrigarria egin zitzaidan irakurri nuenean. Noski. Gezurra da.

Jatorrizko datuek, OCDEk ateratakoak, guztiz kontrakoa adierazten dute: komunitaterik onenetakoa da horretan. Madrilgo informazioan Euskadiko Autonomia Elkarteari egokitu zaizkion datuak Israelekoak dira! (ikus http://www.oecd.org/pisa/keyfindings/pisa-2012-results-volume-iii.htm).

Baina gaur egun, oraindik ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak informazio okerra mantentzen du bere webean (http://www.mecd.gob.es/inee/Ultimos_informes/PISA-2012.html). Ikusteko, orrialde honetan Excel artxiboa bilatu behar da, honakoa: “Tablas Cap. 4. Informe español”; 4.1. atalean dago ikasleen atzeratzeari buruzko informazioa, zuzendu gabea. Akatsa Euskadiko datuekin ez ezik, Kataluniakoekin ere gertatu da (kasu honetan trukaketa Italiako datuekin egin da, ez Greziakoekin, hainbat lekutan idatzi den bezala).

Euskadi eta Katalunia! Kirmen Uribe idazlearen aipua dakarkit gogora: “Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla otu zait zeruari begira; behin edo behin ageri dira bakarrik”. Marka litzateke nahi gabeko akatsa bi komunitaterekin egitea, zeintzuekin eta Euskadi eta Kataluniarekin! Manipulazio baldarraren itxura guztiak ditu kontu honek. Hain zuzen ere, ez dut dudarik egiten soberanismoak gora egin ahala, gezur-jasa izango dugula, noiz gezur-andanaren zaparrada itzela, noiz gezur-langarraren zirimiri etengabea.

Bestalde, gertaera honek duela hamarren bat urte Madrilgo komunitate autonomoan gertaturakoa oroitarazten dit, Esperanza Aguirre agintean zegoenekoa. Hango hezkuntza berriztapenean zebilen arduradun batek adierazi zuen Euskadiko hezkuntza sistema estatuko onena zela, hainbat arrazoirengatik. Ez zuen hamar egun gehiago iraun karguan: izan ere, adierazpenok jasanezinak zitzaizkien Madrilgo politikariei. Euskal Herriari buruz, antza, mota bakar bateko albisteak eta adierazpenak onartzen dira, gainontzekoa, bereziki positiboa bada, ezin da ezta aipatu ere.

Ez dakit nik Euskal Herriko hezkuntza sistema (edo sistemak) estatuko onena den, eta, egiatan, bost axola dit horrek. Ikusten dudana zera da, gauza askotan bidea egin dugula, beste askotan gabezia larriak ditugula eta aurretik egitekoa eduki badaukagula. Hasteko, hezkuntzak benetako lehentasuna eduki beharko luke hemengo politikarien erabakietan, aurrekontuak egitean, adibidez.

AZKEN OHARRA: Saiatu interneteko bilatzaileen bidez, edo egunkarietako orrialdeetan zuzenean, honi buruzko informaziorik bilatzen. Aurkituko duzu lehen albistearen inguruko erreferentzia anitz (Euskadiko emaitzak, kaskarrenak). Ea zuzenketarik inon topatzen duzun!

  

/