0 comentarios

Paris: erlijioa ere bada giltza!

 Pariseko atentatu larriek guda giro tamalgarrian kokatu gaitu europarrok, eta hegazkinak bonbardatzen ikusteak nolabaiteko lasaitasuna eman die zenbaiti. Jakin badakigu Pariseko biktimak bezain errugabe direnak egon eta egongo direla bonben azpian Sirian, Iraken … Izan ere, oker ibiliko da kontu honetan “onen” alde eta “txarren” aurka bere burua era manikeista batean lerrokatzea bilatzen duena: eszenatoki honetan errugabeen odolez eskuak zikin aktore gehien-gehienek dituzte, giza eskubide oinarrizkoenen aurkako ekintzak eginda. Zer esanik ez erlazioak eta aliatu-etsai jokua aztertuz gero.

 Zer pentsatu eta zer idatzi eman dute gertaera lazgarri hauek. Gogoeta asko plazaratu dira, batzuk oso interesgarriak, kritikoak, arazoaren alde desberdinak ikusten laguntzen digutenak. Interesekoa iruditu zait, besteak beste, honakoa:

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20151127/isis-el-enemigo-a-mano-para-casi-todos

 Hala ere, arazoa ulertzeko erlijioaren eragina gutxietsi egin dela iruditzen zait, hau da, ez direla nahikoa adierazten eta kritikatzen erlijioari lotutako aldeak. Eta horretaz hitz egin nahi dut.

 Erlijio monoteistek, jainko bakar bat duten horiek, bere barnean daramate intolerantziaren hazia, egia bakarra onartzen baitu: jainkoa bat eta bakarra dago benetakoa, sortzailea, ahalguztiduna; honelako abiapuntuak ez dio lekurik uzten zalantzari edo erlatibizatzeari, egia absolutu gisa aurkezten da, errealitate osoa menpe hartzen duena. Ez da kasualitatea, horregatik, hiru erlijio monoteista nagusietan (islama, kristautasuna, judaismoa) mugimendu “ultra” erlijiosoak egotea, gizarte osoan bere ikuspegia inposatu nahi dutenak (“egia berdadero bakarra” den neurrian): zilegitasun erlijioso osoaz sentitzen dira errealitate sozial osoa “egiaren” menpe jartzeko. Eta hiru erlijio hauetako sinestun muturrekoek antzeko joera erakusten dute: emakumearen gutxiespen larria, banakakoen askatasunari erasoa, erlazioen inguruko ikuspegi estu eta murrizgarria, homosexualitatearen kriminalizazioa, pentsamenduari eta kultur jarduerari muga itogarriak, tabu absurduak …

 Pentsa ezazu Euskal Herriak azken mendeotan bizi izan ditugun gerren izaeraz: erlijioak protagonismo handia izan du. Gerra karlistetan elizaren eta kristautasun tradizionalaren alde itsuki aritzen ziren karlistek, horien artean euskaldun ugari; gerra zibila irabazleentzat gurutzada bat izan zen, fedea eta katolizismoaren defentsa; fedeagatik duela gutxi arte gertatu dira hilketa basatiak gure artean. Gaur egun, gizartearen antolaketan erlijioak eragin nabarmena dauka, hezkuntzan adibidez. Eta pribilegioak ere baditu, zergen kontuan, erakunde publikoetako jardueran, adierazpen publikoetan... Gizarte autonomo laiko batetik uste baino askoz urrunago gaude; oraindik itzal luzea du Elizak.

Horregatik, gainerako guztien etsaia dirudien  ISIS delakoaren atzean dagoen ikuspegi erlijioso fundamentalistari aurre egitekotan, gizarte zibilaren autonomia eta laikotasuna aldarrikatzea beharrezkoa zaigu, mundu justuagoa egiteko, demokrazia eraikitzeko, guztion eskubideek berme zabalagoa izateko.

 Gai honetaz hona hemen bideo interesgarria, Richard Dawkins zientzialariaren ekarpena; ikus ezazu, merezi du (azpitituluak gaztelaniaz):

/