0 comentarios

Urriaren 12a telebistan

 Urriaren 12an telebistaren aurrean harrapatu ninduen “indar armatuen” desfilearen hasierak, egun horretako jarduerarik garrantzitsuena TVErentzat. Eta benetan adierazgarria izan zen han ikusi eta entzun zena.

Hasteko, Sanchez presidentearen aurkako oihuak nabarmenak izan ziren: “fuera”, “okupa”, “dimisión” … Harritu ninduen zein gutxi errespetatzen duten bere jaia, norainoko gorrotoa duten barruan beren nazioaren momentu garrantzitsu hori ahots bortitzez itsusteko. Espainiar nazionalismoa bete-betea, gizalegetik urrun eta “a por ellos”-etik gertu. Espainia aldean, askorentzat boterea beti “betikoen” esku egon behar da, antza, eta besteak badaude (sozialista hauek, adibidez), edozer da zilegi egoera "anormal" horrekin amaitzeko. Eta berdin da funtsean sozialistek eta eskuinak antzeko politika egiten badute gauza gehienetan. Kontua da agintea nork eduki behar duen; hain sakon sustraitutako ideia bitxi hori frankismoaren herentzietako bat da, seguruenik.

Guztien buru, hor, estatuaren jabetzan, erregea zegoen, Francok hor jarri zuen “errege eredugarri” horren seme Felipe. Berriki Kataluniako parlamentuak gaitzetsitakoa. Komentariorik ez.

Segituan “a los caídos por España” egin zieten omenaldia. Kontua da “caídos” espresio hori urte luzeetan bando frankistaren hildakoei zegozkiela soilik. Ez dirudi urriaren 12ko omenaldi hori errepideetako kunetetan erori ziren demokrata, ezkertiar eta abertzaleentzat denik –oraindik gehienak lurperatze duinik gabe daude! Franco hil eta 43 urtera!-. 

Eta "jaiak" jarraitzen du: guztiak, erregea, Defentsa ministro anderea … hasten dira kantatzen “Tú nos dijiste que la muerte …” kanta katoliko-katolikoa, non eta estatuko zeremonia zibil garrantzitsuan! Estatuko boterearen arduradun nagusienak fede baten oinarrizko ideiak aldarrikatzen estatuko ekintza ofizialean. Pluraltasunari, beste sineskerei eta sinesmen gabeziari ostikoa estatuaren boterearen arduradunen partez. Francoren estatu nazional katolikotik oso urrun ez gabiltza.

Gaurko Espainiak frankismoari zenbat zor zaion gogorarazteko jai oso egokia da urriaren 12koa. Gaur egungo Espainiaren konflikto nagusia, Kataluniakoa, errez ulertzen da urriaren 12aren argira; oso egun aproposa baitzaie hori “espainiar-oso espainiarren” jairako. Ez naiz sartuko “Hispanitatearen” egunaren gaian, ezta 12an ospatzen den gertaera historikoaren analisian. Beste batzuek egin dute ongi komunikabide honetan.

Espainiar nazionalismoaren jarrera eta ikuspegi hauek begiratzeak kezka eta asmoa ekarri dit gogora: gure abertzaletasunarekin ez dezagun inoiz ezer antzekorik egin, hain itxia, hain sinplea, hain manikeoa, hain itsusia …

Amaitzeko, eta zapore onez amaitzeko, “La Raiz” taldearen kanta bat, nazioari buruzkoa, ederra benetan:

/