ttiklik blog naiz

6-11 urte. Denbora librearen erabilera

ttiklik.com

 

Gure gizartean planifikatzeko joera handia dago, baita denbora librea planifikatzeko ere. Askotan ez badugu ezer egiteko, estutu egiten gara eta denbora hori zerbaitetan bete nahi izaten dugu. Ikasturte berriaren hasierarekin, beti suertatzen da honako galdera; arratsaldeetan gure seme-alabekin zer egin?, parkera eraman?, eskolaz kanpoko ekintzetan izena eman?, ludotekara eraman? Egun gure seme-alaben denbora librea
betetzeko irtenbide asko aurki ditzakegu. Beraz, zer eta nola aukeratu?

 

Eskola kanpoko denbora antolatzeko kontuan hartu beharreko puntuak:

*GURE SEME-ALABEN ADINA KONTUAN HARTU BEHARKO GENUKE.

Berari galdetu behar genioke eta erabakia berarekin hartu. Sei-hamaika urte bitartean, eta haurra adinean gora doan heinean, gradualki ere  erabakian bere iritziak pisu gehiago izango du. Ez dugu ahaztu behar ekintza batera behartuta joaten bada azkenean “erre” egingo dela eta, beraz, ez dela gustura joango.

*GURASOOK EKINTZA HORREKIN ZER LORTU NAHI DUGUN GARBI EDUKI BEHAR DUGU.

Ekintzaren helburua garbi izatea garrantzitsua da: haurrak zerbait ikasiko du ekintza horrekin, guretzako garrantzia duten ohiturak ikasiko ditu, baloreak transmitituko dizkiote… Guzti horrek guraso horiek bere seme alabari eman nahi dion heziketa ereduarekin bat etorri behar du.

*GURE SEME-ALABAREN IZAERA, GUSTUAK ETA NAHIAK KONTUAN HARTU.

Horren arabera erabakiko dugu arratsaldean egin ditzakeen ekintzen artean zein eskainiko diogun.

*GURE SEME ALABAK BERE KABUZ ZEIN EKINTZA EGIN NAHI DUEN ERABAKI BADU:

Horrelako jarrerak txalotu eta animatu behar ditugu, gure seme-alabak bere kabuz erabakia hartu duelako; Eta horrek haurra motibatuta dagoela eta iniziatiba duela adieraz baitezake.

*GURASOEK AUKERATU BADUTE EKINTZA ETA SEME-ALABAK EZ BADU EGIN NAHI:

Gurasoak berarentzat onuragarria izango dela ziur badaude, ekintza hori egitera animatu beharko dute. Berak ezetz behin eta berriz esaten badu, orduan egokiena ez behartzea da. Gerta daiteke gure seme-alaba haserre joatea baina gero ekintzarekin gozatzea.

Hori horrela ote den frogatzeko, ekintzaren arduradunarekin hitz egitea komeni da, azken finean berak jakingo du zein den gure seme-alabaren jarrera. Arduradunak esaten duenaren arabera erabaki beharko litzateke ekintza horretara bidaltzen jarraitu ala ez.

* ESKOLAZ KANPOKO EKINTZEK EKAR DITZAKETEN ONURAK:

Haurraren sozializazio prozesuan eragin baikorra izan dezakete. Normalean ekintzak taldeka egiten dira; kirola, aisialdiko taldea, ludoteka,…

Beste haurrekin egongo da eta lagunak egin ditzake, besteek bera onartu dezaketelarik. Hori positiboa izan daiteke bere nortasuna eraikitzeko.

* AHOLKUA.

Asteguneko arratsalde guztietan ekintzak izatea ez da egokiena. Astean zehar egun batzuk ekintzarik gabe uztea ondo egon daiteke, haurrari zer egin nahi duen erabakitzeko aukera ematen zaio-eta.

Familiaren bizikidetza.

*FAMILIA OSOAREN DENBORA LIBREAREN ANTOLAKETA.

Eskolan eta lanean aritzen garen denbora dela-eta, elkarrekin gauden uneak murritzak izan daitezke. Beraz, denbora hau kalitatezkoa izatea garrantzitsua litzateke.

Familian egoteko une horiek asteburuak, oporrak eta aste barruko gauak izango dira. Denbora horiek bizikidetzan oinarrituko dira; astean zehar, gauero elkarrekin afaltzea oso une ona izan daiteke; hitz egiteko, egunean zehar izandako gertaerak azaltzeko… azken finean, familia bizitza egiteko.

Asteburuak eta oporrak familian egoteko eta familiarekin gozatzeko uneak dira. Ahal den neurrian, guztion artean erabakiko dugu zer egin.

Familiako kide guztiek beren iritzia emango dute eta ondoren denen artean negoziatu. Erabakia horrela hartuta, familiaren bizikidetza sustatu, eta familiaren arteko komunikazio-bideak nahiz familiaren sentimendua indartuko dira.

 

ITURRIA: seme-alabak aldizkaria


MAIXABEL AGIRRE
Pasai Donibane.
Psikologian lizentziatua.
Astialdiko begiralea eta dinamizatzaile soziokulturala.
Hezkide Eskola. Astialdia, Susperketa eta
Boluntariotzako Elizbarrutiko Eskola.

seme-alabak aldizkaria