ttiklik blog naiz

Begiratzen dakiten begiak, itxaroten dakiten eskuak

Ianire Jaio 2011/01/17

Haur bat gelara sartu da bere amaren besotan. Hezitzailea gerturatu egin da eta itxaron, presarik gabe; testuingurua behatu du, haurra entzun du. Bere atzealdean familien argazkiz osaturiko horma-irudia dago. Denbora bat pasa ondoren, haurrak hezitzailearengana joatea erabaki du, eskuan objektu bat hartuta. Ama, gauza handirik esan gabe, badoa eta hezitzailea eta haurra bat eginda geratu dira, besotan, horma-irudiari begira. Geroxeago, hezitzaileak, haurra banaketarako prest dagoela jabetzean, poliki-poliki txikia lurrera jaitsi du, honen erantzunaren nolakotasunean arreta jarriz.

0 eta 7 urte bitarteko haurraren garapen osasuntsu batetarako oinarrizko ezaugarria berau zaintzen duen helduaren jarrera da. Haurrak jasotzen duen kontaktu bakoitzak mundua nolakoa den eta bertan nola izan daitekeen jakiteko balio dio. Lehen zazpi urteak oinarrizkoak dira haurraren biografiaren eraikuntzan: bizitzako lehenengo hilabeteetan sustraiak errotzen dira; lehen urteetan, enborra; eta hortik aurrera, zuhaitza bere adar eta hostoekin hornitzen da.

Haur-helduaren arteko erlazioa jarrera egokietan oinarritzen bada, haurrari bere erritmoan hazteko gaitasuna bermatuko diogu. Pena merezi du beraz, jarrera gako hauek sakontzeko parada bat egiteak. Haurraren bizi prozesuaren laguntzaileak garen honetan jarrera baikorrak pittin bat gehiago barneratu ahal izateko eta bide batez, txikienak diren hauei gaurko eta biharko ziurtasuna eta zoriontasuna bermatzeko hona hemen adierazpen batzuk:

 

MAITASUNA ETA ZIURTASUNA


Rebeca eta Mauricio Wildek, Ecuadorreko Pestalozzi zentroko sortzaileek, argiro azaltzen dute umeekiko maitasuna. Alde batetik, helduaren maitasuna eta atentzioa, kondiziorik gabekoa eta jarraikorra, gauak antsietaterik gabe bizitzen laguntzen duen eguzkiaren distira bezalakoa dela baieztatzen dute. Bestetik, maitasunik gabe askatasunik ez dagoela azpimarratzen dute. Hauen ustetan, dena dago oinarrizko ziurtasunaren eta bizitzan edozein proiektu burutu ahal izateko jasotzen dugunaren arabera.

Haur bati maitasuna ematea, autonomiara heldu ahal izateko, dependentziaren beharra bizitzeko aukera ematea da; haurrari, interbentziorik gabe, inongo kondiziorik jarri gabe, laguntzea da; haurrak bere gaitasun guztiak gara ditzan eta adierazi dadin, ziurtasunezko harreman eta giroa sortzea da.

Afektu honek haurrari bere buruarekin eta inguruarekin armonian eta lasaitasunean bizitzen, bere existentziaz gozatzen lagunduko dio, besteak beste. Hemendik aurrera, plazera izango da gurpila mugiaraziko duena. Catalina Vesgak, Pestalozzi esperimentatu zuen gazteetariko batek, honela dio: “haurtzaro zoriontsu batek bizitzarako tresnak emango dizkizu. Garrantzitsuena maitasuna eta ziurtasuna sentitzea da”.

Jarraitu irakurtzen: BEGIRATZEN DAKITEN BEGIAK, ITXAROTEN DAKITEN ESKUAK

 

0-5HezkuntzaPsikomotrizitatea
Etiketa(k):  >  >