0 comentarios

Enpresa ekimen berritzaileak saritu ditu Goiekik

   2013/07/09 

saria

Enpresa ekimen berritzaileen lehiaketako sarituak Goiekin.

Eguerdian egin dute Goiekin enpresa ekimen berrien sari banaketa. Hamasei urte daramatza martxan lehiaketak eta hainbat kategoriatan proiekturik onena saritzeaz gain, eskualdeko enpresek eta sustatzaileek izan ditzaketen ideiak azalarazi eta, era berean, enpresa bihurtzeko tresna izatea nahi dute antolatzaileek. “Hau guztia eskualdean enplegua eta aberastasuna sustatzeko ardurarekin”, zioten.

Enpresa ekimen berritzaileen lehiaketako sarituak Goiekin. Ekitaldi honetan bi kategoria ezberdin hartu dituzte kontuan: enpresa ekimen berriko proiektu onena eta enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena. Hala, lehiaketan aurkeztu diren ekimen berrien artean lehenengo saria Ttiklik-entzat izan da. Epaimahaiak kontuan izan du sustatzailearen irudia bultzatu eta eskualdean lana eta aberastasuna sortzea, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez. Itxaro Mendizabalek eman ditu proiektuaren gaineko azalpenak. Hain zuzen, Ttiklik ekimenean 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, gurasoentzako zein hezitzaileentzako informazioa biltzen du. Haziera edo hezkuntza gaietatik hasi eta elikadura eta osasunean amaituz. Bigarren saria Babelplace-rentzat izan da. Proiektuaren sustatzaile Ane Irastortzak eman du hizkuntzak praktikatzeko zerbitzuaren berri.

Bigarren kategoriari dagokionez, enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren lehenego saria Goierri Energilan proiektuarentzat izan da. Aizkorpe Elektrikariak Koop. Elkartea, Nortek Elektrizitate eta Sistemak SL, Marrin Elektrizitatea eta Gezalus Elektrizitatea SL enpresez gain, beste hainbaten artean sortutako lankidetza sarea da. Balio erantsi handiko zerbitzu aurreratuenen eskaintza osatzeko, bakoitzak bere arloan duen know-how eta eskamentua ezinbestekotzat jotzen ditu, beti ere, zerbitzuen integrazioa bilatuz.

Bigarren saria, Erro Koop. Elkartearen proiektuarentzat izan da. Interpretazio zentro, museo eta turismo bulegoetan baliabide kultural eta turistikoen kudeaketan jarduteko ekimena osatu dute. Iaztik Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroaren kudeaketaz arduratzen da Erro. Euskal gastronomia eta bertako produktuen sustapenean metatutako esperientziak, Eusko Jaurlaritzarentzat hainbat dibulgazio lan egiteko aukera eman dio Errori.

Azkenik, ekitaldi berean esperientzi pilotu bat jarri da martxan Gipuzkoako Aldundiak berrikuntza bultzatzeko duen programaren bidez. New Business Factory proiektuaren baitan kokatzen da eta helburuetako bat gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea da. Proiektu garapen onenaren saria BIO-PLG proiektuarentzat izan da; parke biosaludableetan aurkitzen diren makinak ekoiztean datza.

/
últimos posts
últimos comentarios