ttiklik blog naiz

Umeen Elikadura eta Nutrizioa: Gogoeta batzuk

Gaurkoan 1998.urtean Elhuyar aldizkarian haur elikadura eta nutrizioaren inguruko artkulu batekin gatoz. 14 urte pasa diren arren, merezi du irakurri eta gure buruari 14 urte hauetan gauzak aldatu ote diren edo ez galdetzea...

1998/01/01 Txakartegi, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria


obesitate


Gaur egun, lehen ez bezala, oso eskura dugu janaria munduko zati honetan. Ugaritasun honek obesitatea bihurtu du elikaduraren arazo nagusia mundu garatuan. Gure betiko janariak ordezkatzen ari diren jakiak (industrialak, sasoiz kanpokoak…, etab.) eta orduz kanpo jandakoak, arteriosklerosia eta kardiopatia iskemikoa errazte dituzte, jadanik haurtzaroan hasita. Pubertaro eta nerabetasunera heltzean, ume batzuk (oro har gero eta lodiagoak direnak) modan dagoen gorpuzkera ezin hobea edukitzeko beharrean aurkituko dira, ez dira gustura sentituko bere itxurarekin, eta beste elikadura-eragozpen batzuk pairatzeko arriskuan egongo dira.

 

Gizakiak, beste animaliek bezala, elikagaien eskasia jasan behar izan du mendeetan zehar. Pairamendu horren erakusgarri nabarienetakoa herrien migrazioak dira; esate baterako, Asiako estepetatik Europaranzko migraketak antzina, Europatik Ameriketara izan direnak oraintsu (Irlandako populazioaren ia erdia aurreko mendean), eta gaur egun hirugarren mundutik mundu garatura gertatzen ari diren migrazioak, goseak bultzatuta izan direla esan genezake. Iraultza industriala, eta batez ere, II. Mundu Gerraz geroztik, erraztu egin da elikagaiak eskuratzeko posibilitatea mundu garatuan, hirugarren munduan okerrera egin duen arren. Esan genezake, gu bizi garen inguruan, eta gaur egun, jende gehienak eskura ditzakeela organismorako beharrezko dituen elikagaiak, eta, gaixotasunakin ezean, ez lukeela nutrizioari buruzko arazorik (eskasirik ez, bederen) izan behar.

 

Agian, mendeetan jasandako jaki-eskasiak eraginda, edo gizakiak berezkoa duelako, gosearen aurkako sena dugu gure baitan; sen honek lagun gaitzake, elikagaiak eskura izan arren, jende askok gaur egun janariari eta bere ingurukoari ematen dion garrantzia zein handia den ulertzen, jatekoaren kantitateari dagokionean batik bat. Batez ere, haurtzaroan kezkagarria da kaleko solasaldietan zein pediatria-kontsultan somatzen den ardura hori. Askotan, familiakoak gehiago arduratzen dira jangurarik ezaz berau eragiten duen oinarrizko gaixotasunaz baino.

 

Kalitateari buruz, kontura gaitezke bertokoak ez diren elikagaiak kontsumitzeko joera hartzen ari garela. Haurtzaroa ez da salbuespena; honela, umeek lehen baino gehiago kontsumitzen dituzte industrialki ekoiztutako janariak (haragia, gozogintza industriala,… etab.) eta gutxiago gure betiko janariak. Edoskitze naturala da beste adierazle bat, 1900-1970 urte bitartean (guda uneetan izan ezik) esne artifizialak baztertu duena. (Ez dugu ahaztu behar, gezurra badirudi ere, biberoizko elikadura berria dela, mende honetakoa, eta ez betidanikoa).

 

Umeen jan-ohiturek ere aldaketak jasan dituzte: ordutegian, maiztasunean, eskaeran, etab. Umeak otordua nola egiten duen da askotan familiaren ongizatearen erakuslea. Umeak zerbait gogoko duenean, ahaleginak egiten ditu lortzeko, eta askotan lortu egiten du. Amorraldiak dira, ahalegin “normal” horiek eragin izan ezean, beste bide bat gogokoa dena eskuratzeko, batez ere bere gurasoek ezin dutela negarrik edo garrasirik jasan, konturatzen denean eta amore eman ohi dutela. Honela, umea sarritan egoeraren jabe egiten da “umearentzat onena” modutzat hartzen duguna begira zertan geratzen den sarritan (gehienetan?): umeari nahi duen moduan eta nahi duenean ematen diogu, bere gogoaren arabera eta ordutegia kontuan hartu gabe (2 ordu eta gehiago, gainera ahora emanez, “…bestela hil egingo da gosez eta”). Hau guztia, logikoki jokatzeko astirik edota pazientziarik ez dugulako gertatzen da. Batez ere lehenengo urteetan ume txikiari arau malgu batzuk jarraitzen erakutsiz gero, arazoen probabilitatea gutxitu egingo da erabat.

 

Arestian aipatutakoaren eredu tamalgarriena “gozoki edo litxarreria” izenarekin ezagutzen dugun, nutrizio arloan “Snack” izen generikoarekin ezaguna, taldeari dagokio. Gaur egun ume askok egunero jaten du gozokiren bat, eta batzuk asko. Duela 30-40 urte igandetan baino ez zena gertatzen, eta oso salbuespenekoa zena lehenago, eguneroko bihurtu da gure gizartean. Era askotakoak dira ume eta gazteek litxarreriak (gozogintza industriala ere barnean sar dezakegu) kontsumitzeko aitzakiak: urtebetetzeak, saria, amorraldia, pakean uztearen truke, maitasuna erosteko umeari emandako oparia, etab. Umea hain umea ez denean, dirua du sakelean edo lortu egiten du txikitatik kontsumitzen ikasi duena erosteko, edo haren ondorengoa kontsumoaren azokan. Honela, ez da harritzekoa gozoki-dendak hainbeste ugaritzea azken urteetan.

 

Jarraian ikusiko ditugu elikagaiak eta jateko moduak sor ditzaketen eragozpen batzuk eta, bidenabar, saiatuko gara aipatutako aldaketek eragozpen hauen maiztasun eta larritasunaren gehitzean zer ikusirik duten aztertzen.

 

Obesitatea

Obesitatearen ia kausa bakarra energiaren desoreka da; hau da, organismoan sartzen den energia kontsumitzen edo gastatzen dena baino gehiago denean gertatzen da. Gure organismoan, energia jakien bidez barneratzen dugu, eta hauen gehiegikeria da, ia beti, obesitatearen sortzailea.

 

Neska-mutil obesoen ezaugarriak dira: ariketa fisiko gutxi egitea (kirolean ezezik, bizitzako arlo guztietan ere berdin gertatzen zaie; adibidez, eskolara joateko autoa gehiago erabiltzen dute oro har), eguerditik aurrera jaki gehiago hartzea eta telebistaren aurrean denbora asko ematea. Ezaugarri hauek obesitatearen sortzaile zein ondorio dira; ohar gaitezke bestalde, ariketa fisiko gutxi egiteak obesitatera bultzatzen duela, energia gutxi erretzen delako; baina, bidenabar, obesitateak ariketa fisikorik ez egitera bideratzen du, gurpil-zoro honen bidez obesitatea errazten delarik.

 

Jarraitu irakurtzen...