0 comentarios

Bethany Hamiltonen gosari presidentziala

Ilea ongi orraztuta, ezpainak kolore apalean margotuta, jertse urdin fin batekin eta eskuin besorik gabe gerturatu da hizlaria oholtzara. Ikusleek eta inguruan dituen txotxongiloek irribarre konplize batekin gonbidatu dute munduko hiltzaile handienak bere prentsaurrekoak emateko erabiltzen duen atrila erabiltzera. Pulpitutik entzuleei zuzendu zaie Bethany Hamilton, 13 urte zituela marrazo batek besoa idoki zion neskato liraina.

Ile horia, begi urdina, «apolitikoa» eta kristau fededuna, etorkizun handiko neskatoa. Ezkerrean Guantanamon nolako torturak egin behar diren erabakitzen duen morroia du, papar-hegalean kolore anitzeko domina eta izarrak dituena. Ezkerrean emakume argal bat, bulego garrantzitsuetan mahaipeko felazioetan aditua, itxura guztien arabera. Eta haren ondoan, nola ez, anfitrioia, halako drama pasa behar izan zuen neskatoa bere mezua igortzeko «Nationmal Prayer Breakfast» (Otoitz-gosari nazionala) delakoan parte hartzera gonbidatu duen lehendakaria. Michel Jaksonen oinordeko fidela, bere itzala ere lotsagorritzeko gai den kolorerik gabeko amerikar zintzoa, Barack Obama.

Bethanyk irakurtzen dakiela erakutsi du; entzuleek beraiek gustuko duten zerbait entzuteko gai direla frogatu dute; eta guztiek batera, irribarre «cool» bat marraztu dute. «Memoria selektiboa» esaten diote inoiz presidentetzako gosaritara gonbidatuak izango ez diren pentsalariek, marrazoak hozka egin dion neskatoarekin malkoak isuri eta artean milaka gizaki akabatzeko gai diren maniki horien jokamoldeari

Zein polita den Bethany, eta zein ondo irakurtzen duen, eta zein jatorra den. Ez du inoiz hitz txarrik ahotan, ezta txartasunik ere bere begirada xaloan. Aita-ama guztiek nahi luketen baina ez daukaten eta inoiz izango ez duten ametsetako alaba zoragarria da. Zein meritua duen, beso bat galdu eta bizitzen jarraitzean. Eta taularen gainean esku bakar batekin zutik jartzean.

Bethanyk ez du heriotza zigorrik eskatu kosk egin zion marrazoarentzat. Ez du gorrotorik min egin zion harentzat. Gehiago, antza, marrazoz inguratua egotea maite du, bai uretan, baita uretatik kanpo ere. Eta zorionekoa da. Eta liluragarria da bere irribarrea. Eta zer nolako gauza ederrak esaten dituen. «Jainkoak gertaera tamalgarri bat hartu eta zerbait zoragarri bilakatu zuen», dio berak izandako istripua deskribatzen hastean. Bai Bethany, Jainkoak halakoak egiten ditu, horregatik, presidenteak esan zuen bezala, ez du taula gainean zu bezalako abileziarik, baina ez du bere buruaz beste egingo horregatik. Hala ere, ez zen surf taulaz ari, hitz egiteko erabili zenuen oholtzaz baizik. Bere erabakien berri emateko erabiltzen duen taula partekatu zenuen, bere arma kuttuna, eta berak askotan lortzen ez duen zerbait lortu zenuen gainera, jendearengana iristea. Nik behintzat, argia ikusi dut, Jainkoa agertu zait zure hitzetan, eta marrazo artean ez, marrazoa zarela ikusi ahal izan dut, baina lasai, ez dira gorroto hitzak nireak.

/