0 comentarios

Beti apar artean

Lazaro, ene amaren osaba zena, bere emazte zen Hilaridad teilapean utzi eta Usurbilgo plazan zegoen Aitzeta sagardotegira joaten omen zen urtean behin, eta han, sagardo, txuleta eta bertso artean, hiru egun egiten omen zituen. Etxeko atetik berrehun metrora egiten zuen parranda, auzuneko erradiotik eta upel artetik atera gabe. “Afterrak” luze jotzen zuen antza, eta tranparik gabe irauten zuten, speed edo antzeko lagungarririk ez zen garaian. Izeba Koxki joaten omen zitzaion biharamunetan, gutxienez, gizasemeak alkandora garbia jantz zezan.

Horrenbestez, hasi da sagardo denboraldia; bakailao arrautzopilak, bakailaoa eta piperrak, txuleta arinak, gazta eta intxaur digerierrazak eta, batez ere, sagardoa, erruz eta gupidarik gabe, ez baita osasunarentzat onuragarriagoa den edaririk. Eta bestela galde diezaietela edabe miresgarri honi esker eskorbuto gaitza ekidin zuten marinel haien hezurrei.

Gurean dugun ohitura ederrenetako bat dela uste dut menu zoragarri hori lagun artean edo familian partekatzearena. Aurtengoan gainera, Aritz Aranburu surflari profesionalari egokitu zaio txotx denboraldia irekitzeko lehen trago ofiziala edatea, eta hori, berak aitortu moduan, «ohore bat da».

Zenbaiti tontakeria irudituko zaio, edo agian, sentibera hutsa naizela esango duzue, baina ilusio handia egin dit sagardo denboraldia irekitzeko ordezkari gisa surflari bat hautatu izanak. Gainera, eroso ikusi nuen Aritz, ez zuen egin behar izan esfortzu handirik jada sobera ongi ezagutzen duen girora egokitzeko; izan ere Aritzek ongi ezagutzen ditu sagardotegiak, baita sagardotegietako giroa ere, surflariok sarri eramaten baititugu gurera etortzen diren lagun atzerritarrak sagardotegietara, eta beti asmatzen dugu, harremanak lantzeko eta irribarre konplizeak marrazteko bitarteko ezin hobea baita. Hortaz, original restaurant zoragarria da sagardotegia.

Lazaro bezala, baina beste maila batean, bikain moldatzen da Aritz aparretan. Nik ez nuen Lazaro ezagutu, baina Aranbururen ondoan imajinatzen dut, surflariak sagardo berriari gorazarre eginaz, basoa jasotzen duen unean, sudur gorritua eta bisaia marrazten duten zainak lehertzear dituen sagardozale amorratua, irribarre bihurri batekin bere buruari zera esaten; «gazitua dator aurtengo sagardoa».

/