Surflari ernegatua blog naiz+

Glisseguna

GLISSEGUNA : the ofizial teaser from HORI HORI Produkzions on Vimeo.

Bularraldean bilo gutxiago eta buru gainean ile gehiago nuenean, zera abesten nuen: «Bere hizkuntza galtzen uzten duen herria, herri garaitu bat da, desagertzera kondenatua, (bis),...baina herri batek bere hizkuntza xumea, mantentzen dun bitartean, espetxeko giltza daukala esan liteke, Mistralek bezala». Alegia, gakoa esku artean izanda, ez dezagun berau ateak zerratzeko erabili, zabaltzeko baizik.

Euskal surflariak, Hegoaldeko zein Iparraldeko, elkar ezagutzen hasi dira. Elkarrekin, gero eta ekimen eta txapelketa gehiago antolatzen hasiak dira, Kantauri Liga kasu. Mistralek bere olerkian aipatzen zuen giltza ateak zabaltzen hasi dela esan daiteke.

Euskal Herriko urautsietan, euskarak, hizkuntza nagusi izan behar du, beste edozein hizkuntza baino lehenago, bertakoa delako. Eta «euskal surfaz» mintzo bagara, euskaraz mintzo gara, ezinbestean, «euskal» hitzak, nahiz eta batzuek nahierako zentzu folklorikoa eman, berezko esanahi bat baduelako.

Beraz, euskarak, jendea biltzeko kausa huts baino, egunerokoan gure urautsietan elkar komunikatzeko bitarteko nagusi izan behar du, ez baita helmuga, jatorria baizik.