0 comentarios

Zeruertzera begira

 

Biarritzeko Colisée zineman zen Jacky Rott eta pantailan amerikarren propaganda irudiak ziren nagusi. Hawaiiko irudiak ere baziren, hain zuzen ere japoniarrek suntsitu zuten itsasontzi base famatu bateko berreraikuntza lanetan ari ziren iparramerikarrak. Pearl Harbor base militarrak gerra egiteko estatubatuarrek Ozeano Barean zuten gotorleku estrategikoa izaten jarraitzen zuen, eta jarraitzen du.

Jacky Rottek ordea, ez zien jaramon handirik egin Pearl Harborreko eraikuntza lanei, irudi haien gibelean, olatu gainean zebiltzan surflariek zabaldu zizkioten begiak. Segundo gutxi batzuk izan ziren, Jackyk ezin izan zuen pelikula birbobinatu, ezin jakin zezakeen zurezko taula haien azpialdean lema bat zegoenik, ezta gainaldean ez labaintzeko argizaria zeukanik ere, eta ezin izan zituen taula haien neurriak asmatu, baina hurrengo egunetan zutik jartzeko surf taula bat eraikitzeari ekin zion. 1952ko udan itsasoratu omen zen, baina antza ez zuen arrakasta handirik izan.

Gogoan dut nik ere Steve McQueen aktore nagusi zen “Pappillon” filma ikusi nuenean begiztatu nuen irudia. Filmaren hasieran, presoak karriketan behera zihoazen Hondarribiko portura bidean, Guyana Frantsesak zuen infernuko uhartera eramango zituen itsasontzia hartzera. Istant bat izan zen, Bidasoa ibaiaren bokalean, urautsi bat begiztatu nuen.

Jacky Rottek Pearl Harborreko kaian ikusi zituen olatu haiek jada desagertuak dira, harrizko barradera batek hartu zuen urautsi haren lekua. Papillon atxilo zeramatela urrutira asmatu nuen Hendaiako Ondarraitz hondartzaren mendebaldean zen urautsi eder hura ere desagertu da, baina Jacky eta biok, irudi nagusitik harago zegoena ikusteko gai izan ginen, ez da gutxi. Kontua, segundo gutxi batzuek izan dezaketen garrantziaz jabetzea da, eta ahal bada, aurkez daitekeen aukerari etekin ateratzeko gai izatea.

Gaztelaniaz esaten da, «zuhaitzek ez diezagutela basoa ikustea galaraz». Egun Euskal Herrian bizi dugun egoera begiratzeko modu egokia da, bakarra, aurrera egin nahi baldin bada; beraz, olatuetatik harago begiratzeko ordua iritsi zaigu orain artean kai ondoko surflariei edo errenkan ziren presoen atzean ezkutatzen zen urautsiari so ginenoi. Surfean ez dago jokoz kanpoko araurik, edo itsasoratzen zara edo lehorrean geratzen zara. Baten batzuk aspaldi itsasoratu ginen, eta lehorretik gaitzespen antzuak egitera mugatzen diren sasi marinelek ez bezala, itsasoan jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu. Orain, «olatuek ez diezagutela itsasoa ikustea galaraz».

/