Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Inoiz ez / betiko

Georgiatik itzuli berri gara. Kaukasoko herrialdeaz mila istorio edo kuriositate konta nitzakeen kronika honetan, baina bada gertakari bat, itxuraz ezer interesgarririk ez duena, eta halere, zirikatzen nau. Tbilisirako bidean, piknik bat egitea erabaki genuen bidearen alboan, eta merendero bat aurkitu genuen hilerri baten erdian –ohikoa omen da, familiek «hildakoen konpainian afaltzen dute» (cit.)–. Han eseri, eta aurrean genuen hildako emakume baten aurpegia, hilobiaren gainean: ile gorrikoa, alkandora eta belarritako turkesak, eta aurpegi irribarretsua. «Jendeak horrela oroituko du» pentsatu dut, «zein alaia dirudien emakume honek».

Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarrak doluaz idatzi zuen “Notes on Grief” obran. 2021ean argitaratutako testu laburrean aitaren heriotzaz dihardu. 2020an hil zen Nigerian, eta bera AEBn zegoen, baina ezin izan zen itzuli ohiko agurra egitera. Honela dio: «‘Inoiz ez’ nire bizitzan sartu da bertan gelditzeko. ‘Inoiz ez’-ek ematen du hain bidegabeki zigortzailea. Geratzen zaizkidan egunetan, ez dauden gauzetara besoak luzatuz biziko naiz». Guk ez genuen ezagutu Georgiako emakume hori, eta ez dugu inoiz ezagutuko, baina sentsazioa izan dut betiko gogoratuko dudala horrela: denboran izoztua, kristalizatua, baina distiratsua.

Buscar