0 comentarios

Aurkezpena.

ZERA zernahi da. Makulua. Bestela esaten asmatzen ez dugun horixe esateko ahotan darabilguna. Esan nahi genukeena non eta nola paratu ez dakigunero jotzen dugun tokia.

Zehazgabetasunaren xarma, zehaztu ahala, ezarian baina halabeharrez, galdu egingo duena. Jokoan baikabiltza ZERA-ka dihardugunean; ala, koldarki, ihesean, haren ordez esan genezakeen huraxek konprometituko gaituelakoan.

Perfektua, aratza baita, egitasmoa izaki. Bide guztiak ditu irekita, denak ibiltzeko. Araztasun hori galtzea da, baina, ZERAK-en xede bakarra. Edukiontzi gardena zikintzera egitea. Zehazgabetasunak ematen dion askatasunetik abiatu, eta “hau beste era askotakoa izan zitekeen” edo “hau ez da buruan neukana” esateko egunera iristea. Finean, ordeztuko duten hitzak aurkitzea.  

ZERA Eremuz Kanpo irratsaioaren (Bilbo Hiria Irratia, 96.0 Bilbon edo bilbohiria.eus) luzapen idatzizkoa izateko jaio da; luzapen idatzizko BAT, beste batzuen artean, burkideak ere badu eta beste bat, eta beti komeni baita merezi duenari begi kliska egitea. Helburua, beraz, bertan korapilatutako mataza bateko hariren bati tira egitea, hari zehatzen bati erreparatzea, edo korapilo berriak egitea. Zinemaz nagusiki, baina zinema eta gainontzeko guztia bereizita daudelako kontzientzia handirik gabe. Hitzak bera dio; ZERA zera da… (beti geroago, hurrengo eszenan datorrena)

Lars Von Trierren Europa filmaren hasiera-kredituak. Hipnosia, sugestioa behar da seriotan hartzeko (bai Europa, bai filmak oro har), sinesteko pantailakoa, izateko pantailakoa. Oteizaren baikortasunari eutsi ahal izateko. Hamar arte kontatu, eta ohitu pantaila beltzera. Hor biziko gara eta minutu batzuetan.

/