0 comentarios

Azkena Rock jaialdia, gizon festa

Gasteizko Azkena Rock jaialdiaren taldeen zerrendak haserrea eragin du sare sozialetan, izan ere, jaialdiko oholtzara ez baita ia emakume musikaririk igoko datorren ekainean.

Graveyard eta King's X taldeekin itxi du kartela Azkenak aste honetan bertan eta hortaz, hogei musika talde baino gehiagoren artean, Buck and Evans taldeko abeslaria da zerrenda luze horretako emakume bakarra.

Chris Isaak eta John Fogerty dira aurtengo Azkena Rock jaialdiko kartelburuak. Hala, ‘First Comes the Night’ bere azken lanarekin itzuliko da Chris Isaak estatubatuarra Gasteizko jaialdira.

Artista estatubatuarrarekin batera, Michael Kiwanuka, Wyoming, Hellsinglad Underground Thunder, The Shelters, The Godfathers, SCR, Los Mambo Jambo eta Buck&Evans taldeak igoko dira Mendizabalako taula gainera. Kartela osatzen duten taldeak,ostera:  Hellacopters, John Fogerty, Loquillo, Tygers of Pan Tang, The Meteors, Bloodlights, Pat Capocci, Fetitxe eta The Soulbreaker Company talde gasteiztarra dira.

Ekainaren 23 eta 24an, hiru agertoki ezberdinetan, Araba dantzan jarriko duen jaialdia Last Tour enpresak antolatzen du eta, sare sozialetan gogora ekarri dutenez, laguntza publikoak jasotzen dituzte egiteko horretan. Finantziazio horren truke, «berdintasun gutxienekoa» ez galdegitea gogor deitoratu dute bertan.

/