0 comentarios

Burkinia. Zer jantzi eta zer erantzi agintzen duen gurutzada

Frantziako Estatu Kontseiluak Burkiniaren debekua baliogabetu duen arren, hika mika ez da oraindik itzali.

Nizako hondartzan, eguzkipean lo kuluxka lasaian jantzirik zegoen emakumearekin gertatutakoa erretinan dugu oraindik. Patxadan zen emakumea inguratu eta arropa erantzi arazi zioten hainbat poliziek, denak gizonak gainera.

Bainujantzi integrala debekatu zuen Frantziako Estatuko 15 herrietako bat zen Niza, “yihadismoarekiko atxikimenduaren seinale” delakoan. Gurutzada honetara batu diren beste herrietan ere isunak izan ziren pasa den astean burkinia erabiltzeagatik.

Baina zein da emakumearen gorputza eta askatasuna bortxatzen ari dena? Norberak erosi eta janzten duen bainujantzia? Hala hurbildu eta biluzarazten duen polizia?

Emakumeek burkinia, beloa edota nikaba senarrek behartuta eramaten dutenaren obsesioa dago hauek debekatzeko erabakien atzean. Baina, hori horrela balitz, zergatik egiten dugu azken eta ahulena den katebegiaren kontra? Etxean janztera behartu eta kalean eranztera derrigortuz, emakumea debeku artean eta erabakitzeko inolako eskubiderik gabe uzten dugu.

Emakumeak dira musulmanen aurkako ezinikusia eta mesfidantza gehien pairatzen dituztenak, babesgabeenak eta erasotzeko errazenak direlako. Eta, Euskal Herrian ez gara halako egoerez salbu. Orain bi urte hautsak harrotu ziren Gasteiz inguruan. Batean, itxuraz, burka zeramalako garraio publikoan sartzea eragotzi zion autobus gidari batek emakume bati. Bestean, jantzita zegoen emakume bat Gamarrako igerilekutik kanporatua izan zen. Biak emakumeak, gurean ere.

Kultur arteko bitartekari feminista den Brigitte Vasallok gogor aritu da burkinia moduko jantziak debekatzen dituzten legeen aurka. Harentzat «arrazistak, islamofobikoa eta patriarkalak». «Haien izenean eta haiengatik erabakitzen da, ume moduan tratatuz eta beren itxura eta gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea erabat ukatuz», salatu du.

Sarean asko eta askotarikoak izan dira udako eztabaida honen aurrean idatzitakoak.

Azken hau, Twitterren sona eskuratu duen La Sauvage Jaune erabiltzaileak zabaldutako irudia da. Bertan, emakume musulmanen janzkera, hondartzan "gehiegi erakusten" duten emakumeek ere entzun behar izaten dituzten komentarioekin alderatu ditu.

/