Hesian
Albisteak
HASIERA. Hauxe da azaroan jaioko den gure disko berriaren izenburua. Baina, zergatik hasiera?
ZURIÑE HIDALGO|23/09/2018 16:40

Egia esan, hasierak maite ditugu. Ziklo berriak, etapa berriak… izan ere, konturatzen bazarete, etengabe ari gara ziklo berriei hasiera ematen. Jaio eta hil, berriz ere jaiotzeko. Ateak ixten, berriak irekitzeko. Agur esaten, ongi etorri berriei tokia uzteko. Ziklikak gara, bizitza bera, ziklikoa delako.

Ez gara atzo ginenak, etengabe aldatzen goaz, desikasten, zuzen ikasteko. Betaurreko moreak jantzi genituen unetik, iraultza hasi zen, iraultza norberaren barrenean, gure barnean ere gerrak sortzen direlako. Gaizki ikasitako guztia desikasten goaz, bide zuzenetik, alegia. Eta betaurrekoak jantzi dituen gutako bakoitzak, ahal duena egiten du. Emakume zein gizonezko bezala, bakoitzak bere kontraesan, beldur eta mugekin. Bakoitzak bere lan eta erronka pertsonal zein kolektiboekin. Eta noski, ez da prozesu erraza, ezta erosoa ere, izan ere, gure bizitza osoan zehar, egunez egun, pozoia dosi txiki zein handietan sartu digutelako, eta orain, apurka apurka, pozo hori kanporatzen ari gara, besteak beste, kantuen bitartez.

Gu denok oholtzara igotzen garen musikariak gara, hala ere, plazandreok GUREA ERE baden tokiarengatik borrokatu behar dugu oraindik ere. Eta behin oholtza gainean, aurreiritzi, begirada, hitz, epaia… horiei guztiei aurre egin eta horien kontra borrokatu behar dugu, kontzertuz kontzertu. Eta nekeza da, oso, baina indarrik ez zaigu falta. Mikrofonoa arma oso potentea da eta ahotsa ematen digu, ez soilik abesteko.

Ahoa itxita nahi gaituzte. Politak eta “zuzenak”. Guregatik espero dena beteko dugulakoan. Begi bustiak eta iluntasunean. Gure laranja erdiaren bila bidaltzen gaituzte, erdia garela sinistaraziz, baina txikitatik jakin beharko genuke: ez dago printzerik (ezta printzesarik ere). Ez dugu salbatuko gaituen inor behar. Nire bihotza nirea dela, ez beste inorena.

Maitasun faltsuari abestu izan diogu maiz, baina denborak gauza asko erakutsi dizkigu, eta gure begiekin, asko ikusi eta ikasi dugu. Orain, maitasunari abesten diogu, herriari, pertsonei, bizitzari… diegun maitasunari. Baina baita gure gerrei, gure beldur, kontraesan eta mugei ere abesten diegu, gure bizitzako disfoniei.

Ida(ha)zten aurrera egin dugu eta idazten jarraituko dugu, ziklo berriei hasiera emateko, eta itxi behar diren horiek ere, ixteko.

 

 

Datorren igandean, irailak 30, HASIERA izenburupean jaioko den disko berriko azala erakutsiko dizuegu. Aurretik irakurri duzuen idatzian, gure 10 kantuen izenburuak izkutatu dira. Presente egon nahi zuten eta tokitxo bat egin nahi izan diegu... topatu al dituzue? ;)

Datorren iganderarte!
Zuriñe Hidalgo

NOTICIAS RELACIONADAS