Itziarren Semeak Argentina-Chile Tour
Noticias
Revolta Latinoamerica

Azaroaren 3tik azaroaren 17ra Itziarren Semeak taldeko kideak Latinoamerikara goaz ‘Revolta’ disko berria aurkeztera. Zortzi kontzertu eskainiko ditugu Argentinan eta Chilen eta NAIZek eskaintzen digun txoko honetan kontatuko ditugu nondik norakoak.

Manex ALTUNA|30/10/2014
Sudaska
Suda Ska jaialdian joko dute Itziarren Semeek.

2012ko abenduan Kuban egindako birak atzerrian gure musika zabaltzeko eta ezagutzera emateko gogoa piztu eta aukera zegoela erakutsi zigun. Hizkuntza eta kulturen arteko distantziak gainditu daitezkeela ikusi genuen eta soka horretatik tiraka, 2013an Catalunyan eta Irlandan izan ginen. 2014ko udaberrian berriz, Andaluziatik eta Madriletik igaro zen trena eta oraingoan Hego Ameriketara egingo dugu jauzia.

Bira antolatzeko aukera Suda Ska festibalean parte hartzeko gonbita jaso genuenean atera zen. Jaialdi horretan Argentinako, Uruguaiko, Paraguaiko eta Chileko taldeekin batera arituko gara Buenos Aires, Valparaiso eta Santiago de Chilen antolatu dituzten kontzertuetan.

Horrez gain, Euskal Etxeetatik ere igaroko gara. La Platan ospatzen den Euskal Aste Nazionalean parte hartuko dugu eta Patagoniako Viedma herrian kontzertu berezia antolatu dute. Buenos Aires hiriburuko kultura underground-a ere ezagutzeko aukera izango dugu La Cultura del Barrio gune autogestionatuan antolatu duten jaialdi batean eta Salon Pueyrredon aretoan izango baikara. Uruguai eta Argentinako mugararte ere iritsiko gara.

Ilusioz beterik, itsasoa zeharkatu eta hegan egiteko gogoz bagoaz Argentinarantz.
Revolta aldarrikatzen dugu azken diskoan, sustrai musikalei erreparatzen diegu, herrien arteko loturak, elkartasuna. Horregatik goaz, Che Guevara eta Salvador Allende moduko pertsonaia historikoak jaio ziren herrialdeengandik ikusi eta ikastera.

Hemen kontatuko ditugu gure bizipen eta istorioak,
On egin!!