Itziarren Semeak Argentina-Chile Tour
Noticias
Estudioan

Tixa estudioetan sei kanta grabatu genituen ‘La de Dios’ programarentzako eta ondoren elkarrizketa Canal Cero TV telebista katean.

Ibon Altuna|07/11/2014
Image3
Canal Cero TV telebista katean.

Eguraldia lagun birako lehen betebeharrak burutzen hasi gara. Goizean furgoneta alokatu ondoren Tixa estudioetara hurbildu ginen arratsaldeko 17.00etarako -Euskal Herrian gaueko 21.00ak- sei abesti grabatzera ‘La de Dios’ izeneko programa batentzako.

Aukeraketa egin beharra zegoen eta ska eta reggae doinuen aldeko apustua egin genuen. ‘Intro Zaharra’ geure burua aurkezteko erabili genuen -adelante, izquierda.... y salto!-, ‘Gu Gara’ -Patxi Bidarten gaitarekin moldaturik-, ‘Dale Candela’, ‘Amodiozko Kanta’, ‘Hasta la Victoria’ -Revolta diskoko kanta- eta zuzenekoetan jotzen dugun azken abestia ska saltsa remix, ‘Bagoaz’.

Tixa estudioko soinu ingeniaria tipo xelebrea da, oso urduria.Tucan deitzen dute eta bere mugimenduei erreparatu ezkero, erraz igartzen da arrazoia. Dummy gure soinu teknikaria izerditan jarri zuen dena mikrofoneatzen eta soinua harrapatzen. Baxujolea izandakoa da, reggae taldeean ibilitakoa, baina aspaldi utzi zituen zuzenekoak estudiora buru-belarri dedikatzeko.

Ondoren korrika batean, Canal Cero TV-ko platora zuzendu ginen elkarrizketa egitera. Hitzartu gabe zegoen, baina hemen gauzak horrela dira, momentu batetik bestera gauzak aldatzen dira eta gutaz ezer ez zekitenez Itziarren Semeak-en historia eta izena nondik datorren azaldu genien. Servini epailea orain aurrera eramaten dabilen ikerketaz ere hitz egin genuen, eta nahiz eta elkarrizketatzaileak kontatu zigun bezela, berak ere euskal arbasoak dituela, informazio gutxi iristen zaie guri buruz. ‘Todo es ETA’ kantuaren bideoa aurkeztu genien eta ez zekiten erakundeak borroka armatua uzteko erabakia orain hiru urte hartu zuela.

Lana eginda sabela zarata hasi zen eta zerbait jateko, Espiaseko Carik Chango eta Fer-ekin pizzeria batera eraman gintuzten afaltzera. Pizzeria oso ezaguna omen da, ‘La Mezzeta’ izenekoa, ‘Hogar Obrero’ren ondoan dagoena. Riverrek jokatzen zuen atzo gauean, Bocak arratsaldean egin zuen, eta pizzeria River-reko zaleez beterik zegoen. Hegomerikako kopa jokatzen dabiltza biak (Europako UEFAren parekoa) eta atzo irabazi ondoren finaleridetan aurkituko dira.

Lehen esperientzia furgoneta gidatzen, eta beraiek dioten bezela «manejan raro». Autopista itxita zegoen konponketa lanengatik, eta bidea hartzeko, lau karril zirenak sei bihurtu ziren. Errepidean ez dago araurik, norberak dauka lehentasuna eta lehenengo pasatzen denak egiten du aurrera. Azkenean espaloi gainetik errepidea aldatu eta bide okerretik zuzen iritsi ginen etxera.

Concepcion del Uruguay-en emango dugu lehen kontzertua.