Itziarren Semeak Argentina-Chile Tour
Noticias
Patagonia bihotzean

Alkatea, komunikabideak, euskal-argentinarrak, herri oso batek bete zuen Viedmako antzokia. Harrera beroa eta hunkigarria, betirako gogoan geratzen dena. Kamisetak agortu egin zaizkigu. Ikaragarria.

Manex ALTUNA|VIEDMA|12/11/2014
Viedma
Viedman eskainitako kontzertua. (ITZIARREN SEMEAK)

Buenos Airestik ia 1.000 kilometrora aurkitzen da Viedma. Patagonian kokaturik dago Río Negro probintzian. Errepidea kontuan hartuta 10 ordutik gorako bidaia dago. Viedmako Euskal Etxean aritzen den Rocio Basterraren bitartez kontzertua antolatzeko aukera proposatu zigutenean, Espias taldekoek zoraturik geundela esaten ziguten. Distantzia handia zela, arriskutsua eta ez zegoela musika mugimendu askorik.

Oso talde gutxi pasatzen dira Patagoniatik biran. Hasieratik konturatu ginen ez dela ohikoa atzerritik musikariak jasotzea eta harrera beroa egin ziguten. Beti Aurrera Euskal Etxeko jendea ekitaldiaren prestaketan buru-belarri aritu da azken hilabeteetan eta sekulako lana egin dute. Eskerrak hemendik Sandro, Mari Carmen eta beste guztiei.

Iritsi bezain laster, arkumea jatera gobidatu gintuzten eraberritzen ari diren Euskal Etxean. Telebista eta irrati lokalak gerturatu ziren bertara elkarrizketak egiteko eta egunkarietan ere oihartzun handia izan du emanaldiak.

3rd Track etxeko taldearen rock doinuekin hasi zen kontzertua. Herriko antzokia leporaino beteta zegoen. Gaucho-en dantza erakustaldia izan zen ondoren eta gure emanaldia euskal dantzekin abiatu genuen. Patxik gaitarekin, John Kaimanek txirularekin eta Alainek bateriarekin fandango eta arin arin bat jo zituzten Bahia Blancako dantza taldeak erakustaldia eskaintzeko.

‘Ikusi Mendizaleak’ abestiarekin abiatu genuen kontzertua. Publikoak txaloka erantzun zigun, baina dantzatzeko gonbita egin genienean heldu zen zoramena. Antzokiaren erdia bere eserlekuetatik altxa eta lehen lerrora hurbildu zen. Kontzertuaren bukaerararte bertan iraun zuten, ikurrinak eskuan eta saltoka.

Gauean ospatzeko beste afari bat. 40 kilo haragi prestatu zituzten eta bertan batu ginen Euskal Etxeko jende gazte eta heldu guztiarekin. Viedmako alkate eta kultura zinegotzia ere han izan ziren. Euskal jatorria zutela komentatu ziguten.

Ardo eta haragi artean, giroa berotzen joan zen eta azkar hasi ginen kantuan. Bilbainada batzuk hasteko, ‘Txoria txori’, ‘Hator hator’ eta bukaeran Argentinako folklorearen errepasoa Atahualpa Yupanquirekin bukatzeko.

Ikaragarria. Kamisetak eta ekarri genituen CD-en erdiak agortu zaizkigu. Patagonia gurekin eramango dugu bihotzean.