m24donostia
Albisteak
Orain eta etorkizunean gazteen ekarpenaren garrantzia nabarmendu du EH Bilduk

EH Bilduren hauteskunde kanpainan gazteak izan dira gaur protagonistak. Donostiako biztanleen batez besteko adina altuagoa den une honetan, gazteek hiriari egiten dioten ekarpenaren garrantzia nabarmendu du Juan Karlos Izagirre koalizioaren alkategaiak.

NAIZ|DONOSTIA|16/05/2015
Ehbildu_gazteak
Gazteekin ekitaldia egin du Juan Karlos Izagirre alkategaiak. (EH BILDU)

Gazte sortzaileek protagonismo berezia izan dute EH Bilduk gaur egin duen ekitaldian. ker Apilanez eta Nerea Etxeberriak hartu dute hitza lehendabizi eta gazteen aldarrikapen nagusiak zein diren azaldu dute: enplegu duina, etxebizitza, «gazte sortzaileen datu basea», espazio propio autogestionatuak, erakundeetan eta zerrenda politikoetan tokia...

Gazteentzat alternatibak eskaintzen dituen aukera politikoa EH Bildu dela nabarmendu dute, eta koalizioarentzat botoa eskatu dute.

Izagirrek, bere aldetik, Donostia zaharkitzen ari dela gogoratu du eta biztanleen batez besteko adina gero eta altuagoa dela. «Egun, %15 dira gazteak Donostian. Denok dakigu garrantzia handikoak direla gazteak edozein gizartetan, eta berdin hiri batean. Etorkizuna direlako bai, baina baita orainaldian hiriari egiten dioten ekarpenagatik ere. Donostiak gazteak behar ditu, eta gazteek Donostia. Gazteria dinamiko, bizi eta antolatu bat edukitzea balio garrantzitsua da gure hiriarentzat», aldarrikatu du.

Donostiak bizi duen «eraldaketan gazteak ezinbesteko osagaia» direla esan du alkategaiak, eta horregatik Udaletik gazteei ahotsa eta baliabideak eman behar zaizkiela esan du.

Izagirrek hainbat urrats aipatu ditu datozen urteetan, gazteei bideratuak, hala nola gazteentzako espazio ireki eta autogestionatuak bultzatzea, Gazte Sortzaileen Datu Basea sortzea, bost urterako gazteentzako etxebizitza poltsak zabaltzea eta 120 apartamentu berri Ulian eta Txominen; enplegua sustatzeko plan bereziak bultzatzea eta gazte kooperatibak sustatzeko programak martxan jartzea, eta haurtxoko eta gaztelekuen sarea auzo berrietara hedatzea, besteak beste.



Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz