m24donostia
Albisteak
Miren Albistur: «Auzia ez da nork gobernatzen duen, baizik eta zertarako»

Inkestak inkestak direla eta emaitzak zeintzuk diren jakiteko nahiago duela igandeko hauteskunde egunera itxoin adierazi du Donostiako alkatetzarako PPren hautagaia den Miren Albisturrek. Onartu du, hala ere, inkestek Gipuzkoako Udalean aurreikusten duten hiruzpalau zinegotziren galera ez dela datu ona.

@gara_olarretxea|Donostia|18/05/2015
Mirenalbistur-2
Miren Albistur, Donostiako Alkatetzarako PP-ren hautagaia. (mirenalbistur.com)

Inkestek beti asmatzen ez dutela irudikatzeko, orain dela lau urteko udal hausteskundeetan PSE-ri Donostian gertatu zitzaiona gogora ekarri du Albisturrek, izan ere hamaika zinegotzi beharrean zazpi lortu baitzituen azkenean. Euskadi Irratian goizean eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, «astebete dugu inkestei buelta emateko», hiritarrei programa azaldu, eztabaidatu eta «Donostiako alkatea zergatik izan nahi dudan azaltzeko», erantsi du.

Zerrenda bozkatuenak gobernatu beharko ote lukeen galdetuta, «ez… segun» erantzun du. «Ez da nork irabazten duen, baizik zein proiektu behar duen Donostiak. Proiektu ezberdinak daude eta nire ustez Donostiarentzat onenak direnek gobernatu behar dute. Ez da norekin, baizik eta zertarako».

«Zertarako» horretan eta «EH Bildu gobernutik jentzeko», EAJ-ren zerrenda burua babestuko ote duen galdetuta, tamaldu egin da jendeak jeltzaleek irabaziko dutela pentsatzea, eta ohartarazi du maiatzaren 18an gaudela eta PP-k lana egingo duela «ideia hori burutik kentzeko». «Ikusiko dugu maiatzaren 24an zer gertatzen den eta hortik aurrera hartuko ditugu Donostiarentzat onenak diren erabakia».

EH Bildu eta EAJ-ren arteko lehia estuaz, berriz, ondorengoa luzatu du Miren Albisturrek: «Zer egingo du EAJ-k EH Bildu-k irabazten badu? Hori aldez aurretik jakin behar dugu. Donostiarrei erantzun bat eman behar diote», eskatu du.

Elkarrizketa abiatu aurretik, Gasteizko herri harresiarekin egin dute konexioa eta ondoren Andra Maria Zuriaren plazan gertatzen ari denaz galdegin zaio Albisturri. Bertako irudia ETAren indarkeriarik gabeko garaiekin bat ote datozen galdetuta, Ertzaintza Auzitegi Nazionalaren agindua bete baino ez duela egiten defendatu du, beste aukerarik ez duela eta derrigorrez egin behar duela iritzita. «Nik ezin dut esan zer den Auzitegi Nazionalak egin behar duena. Epaiketa egon da», erantsi du.

Kanpainari begira jarrita, eta alderdi honek Donostiarentzat dituen proiektuei dagokienez, Albisturrek esan du «nazkatuta» dauden donostiarrentzat aukera bat dela berari botoa ematea. Zentzu honetan, «denbora asko galdu» dela esan du, ez direlako proiektuak «behar bezala bultzatu». Udala ondo ezagutzen duela gogoraraziz, bertan aritu da aholulari lanetan zortzi urtez, «eztabaida antzuak» alde batera utzi eta konpromisoak hartzeko garaia heldu dela erantsi du. PSE-k egindako edo, hobe esanda, ez egindako kudeaketa bi aipatu ditu orduan. Batetik, hogeitabi urteko atzerapenarekin heldu den autobus geltokia, Odon Elorzak ez baitzuen aurrera atera eta, bestetik, Udalak orain hamabost urte eraikina erosi arren, Tabakalerak eduki duen atzerapena. Zuzen gogoratu du, gainera, 2010. urtean, eta proiektua martxan jarri behar zen egunaren bezperan, Elorzak atzerapen bat eskatu zuela, proiektua «birpentsatu» egin behar zela argudiatuta. Bitartean, esan du, udalak 15 milioi euro «gastatu» zituen.

«Orain arte egon diren hautagaiak politikan egon dira beren bizitza osoan, eta oraindik esaten ari dira proiektuak dituztela Donostiarentzat baina ikusi dugu nola bukatu dituzten…», salatu du. Zentzu horretan, aipatu du Eneko Goiak, egun EAJ-ren Alkatetzarako hautagaia, Aldundian Azpiegitura eta Mugikortasun diputatu zenean ez zuela Carlos I.a zubibidearen arazoarekin bukatzeko ardurarik hartu. «Eta gaur esaten ari dira soluzioa dutela», adierazi du Albisturrek. Ez du ezkutatu ez dituela jeltzaleen promesak sinisten. «PSE-rekin konpromisoa lortu zuten –erantsi du–, baina paper batean utzi zuten. Zergatik ez dira bultzatu?», galdegin du, gogorarazi aurretik geroztik bost urte igaro direla.

Bilbo, Lakuaren kuttuna

Juan Karlos Izagirren gobernuari falta izan zaionaz galdetuta, «kudeaketa txarra» izan dela iritzi du Albisturrek, eta era berean kritikatu ditu bai EAJ bai PSE-ren eskuetatik EH Bilduk jaso duen sostengua. «Beti izan dute bai aldedi batekin nahiz bestearekin laguntza proiektuak aurrera eramateko, utzi egin diote. EAJ esaten ari da gestioa oso txarra izan dela, baina eurak izan dira lau urtez alkatetza edo gobernua utzi diotenak», adierazi du.

Hiriaren erronka nagusia langabeziari aurre egitea dela esan du, nahiz eta onartu honakoa ez dela erabat Udaletxearen eskumena. Diru iturri publikoei buruz zalantzarik gabe onartu du Lakuak diru gehiago txertatzen duela Bilbon Donostian baino, eta hori «betidanik» gertatzen dela.


 

 

Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz