m24donostia
Albisteak
Gasco: «EAJ-k, Egibarrenak edo ez dakit zeinenak, erabaki dezala zer egin behar duen»

Ernesto Gascok (PSE) berriro eskatu dio Eneko Goiari (EAJ) argitu dezala, igandea baino lehen, zer egingo duen, alegia, bere botoak batuko dituen edo ez, eta norekin. Kexatu denez, Gipuzkoako Aldundiari dagokionez jeltzaleek egingo dutenaz argibideak eman dituzten bitartean, Udalerako gauza bera zergatik ez duten egin galdegin du.

@gara_olarretxea|Donostia|20/05/2015
Gasco1
Ernesto Gasco, Enrique Ramos eta Denis Itxasorekin batera, azken Udalbatzarrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostiarrak «aldaketa beharrezkoa» dela ohartu ahal izateko lau urte «nahikoa» denbora izan dela esan du Ernesto Gascok (PSE). Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean alkatetzarako hautagaia berriro zuzendu zaio, mikrofonoetatik, EAJ-ren hautagaia den Eneko Goiari. «Goia jaunari argibideak emateko eskatzen diot. Zergatik ari da egiten Gipuzkoako Aldundiarentzat? Ziur nago, gainera, Bilbon ere egingo luketeela», esan du.

Jeltzaleen erantzunaren premia justifikatzeko, esan du hiritarrek merezi dutela ezagutzea, maiatzaren 24aren aurretik, zeintzuk diren mahai gainean dauden aukerak eta planteamenduak «ondo aukeratu ahal izateko». «Nik argi eta garbi diot. Konpromisoa Donostia hiriarekiko da, gobernu sendoa egiteko, trasnbertsala eta ezberdinen artean; Bilduren anabasa ordezkatuko duen gobernua, alegia», iritzi du.

Kanpainan zehar behin eta berriro iragarri duenez, eta Goiari babesa emango ote dion galdetuta, «hiritarrek esaten dutena» jakin behar dela aipatu du Gascok. Aitzitik, erabat ziur agertu da bere alderdiak irabaziko duela, eta EAJ-k baino emaitza hobeak eskuratuko dituela hauteslekuetan igandean.

«Galdera berak [Goiak] erantzun behar du», erantsi du. «Nik argi eta garbi esan dut. Arazoa hemen dago. Goiak orain dela lau urte ez zigun babesik eman. Nik 13 boto atera nituen eta Bilduk berriz zortzi. Goiak erabaki zuen Bilduk gobernatu behar zuela. Nik frogatu nuen Bildu ordezkatu nahi nuela Udalean. Gu fidatzekoak gara eta hiritarrek hori badakite. Falta dena da, EAJ-k, ez dakit Egibarrenak edo zeinenak, erabaki dezala zer den egin nahi duena», eskatu du.

Hauteskundeak BEREZIA

Hauteskundeak Nafarroan

M24 Bilbo

M24 Donostia

M24 Gasteiz