Sanferminak 2015
Elkarrizketak
Joseba ASIRON
Iruñeko alkatea

Iruñeko Udalera heldu eta 2015eko sanferminak topatu ditu aurrez aurre Joseba Asironek. Ikuspegi guztietatik «oso bereziak» izango dira aurtengo jaiak Iruñeko alkate berriarentzat, baina, hori bai, «eginbehar instituzionalak eta pertsonalak modu batez edo bestez uztartzeko prest» dago.

«Sanferminek herri sormenean eta parte hartzean dute izaera eta hori sustatu egin behar da»
NAIZ|IRUÑEA|06/07/2015
Asiron
Joseba Asiron, Udaletxeko balkoian, alkate izendatu zuten egunean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Sanferminak sormenetik etorri dira, eta herritarrek eta herri eragileek duten sortzeko gaitasuna bultzatu egin behar da dudarik gabe. Orain hori guztia geldirik dago, baina uste dut nahi izan dutelako izan dela, izan ere, agian behar haina ez baina tresnak badaude: konpartsak, peñak, entzierroaren mahaia.

Nahiko nuke, eta uste dut guztiok nahi dugula hori, giro baketsuan eta errespetuan oinarritutako sanferminak izatea aurrerantzeko guztiak.

Irrika bereziaz jasoko al dituzu aurtengo sanferminak?
Bai, dudarik gabe. Gogo handiz hartuko ditut, baina bi ikuspegi sartzen dira hor nolabaiteko lehian. Alde batetik, hiritar bezala, nik neuk, Joseba Asironek, biziko dituen jaiak. Oso sanfermin baldintzatuak izango dira arlo horretan, izan ere, ez naiz horren aske izango. Baina bereziak ere izango dira. Alkatearen ikuspegitik ilusio handiz hartuko baititut bai aurtengoak bai datozenak. Gauzak beste modu batez egiteko gai garela erakutsi behar dugu, baita jaietan ere.

Aurreikusten ahal duzu nolakoak izango diren aurtengo sanferminak?
Nire ikuspegitik esango nuke ez direla guk antolatu nahi izango genituzkeen sanferminak. Izan ere, gauza asko aurretik antolatuta daude: guneak, egitarauak, segurtasuna, antolakuntza, azpiegiturak... Baina nolabait, aurten gure esku dagoen guztia birpasatzen gabiltza. Hurrengo urtera begira, bai, sanferminei bere nortasuna itzultzen saiatuko gara. Irailetik aurrera antolatuko dugu San Fermin Mahaia eta hor, eragile eta inplikaturiko figura guztiekin, datozen urteetako jaiak antolatzen hasiko gara.

Nola bizi izan ditu orain arte sanferminak Joseba Asironek?
Gaztetatik oso sanfermineroa izan naiz. Beti gustatu izan zait egitarauko zein kaleko une guztietan egotea, nahiz eta hori ezinezkoa den. Bereziki gaua gustatzen zitzaidan, gaueko giroa. Gero, urteekin, ikuspegia aldatzen da, batez ere seme-alabak izaterakoan. Baina beti egon naiz Iruñean sanferminetan. Agian, oso-osorik urteren baten ez, zeren eta noizbait joan izan gara azken hiruzpalau egunetan hondartzara edo oporretara familia guztia.

Garai bateko sanferminak eta azken hamarkadakoak. Zer desberdintasun ikusten dituzu?
Sanferminek azken urteetan sustrai herrikoia galdu dute, batez ere azken legealdietan, Barcinaren eta Mayaren legealdietan. Izaera hori, ezabatu baino, aldatu egin dute, instituzionalizatu. Eta horregatik freskotasuna galdu dute, eta tentsioa ere sortu da. Jendeak argi eduki behar du hau ez dela instituzioetan sortutako jaia, ez dela El Rocio edo ta Feria de Abril moduko jaia. Sanferminak herritarren bat-batekotasunetik, sormenetik sortu ziren. Azalean aldatu nahi izan dituzten arren, nortasun hori ez da hil, xarma herritarrek mantendu dute. Eta hori indartu egin behar da, hori baita sanferminen izaera.

Zeintzuk dira zuretzat sanferminen inguruko topikoak?
Sanferminetan gauza asko dago, baina topikotzat batez ere bat hartzen dut, eta salatu egin behar da: sanferminetan, Iruñean, edozer egin daitekeela gezurra da. Iruñeko jaien ikuspegi erabat okerra da. Hortik arazo asko datoz, bizikidetza arazoak. Horien artean eraso sexistak azpimarratuko nituzke. Iruñeko eragileak jaiei eman zaien kutsu hori salatzeko lanean aritu dira. Udalak ere horretan esku hartu behar du, erasoak salatzeaz gain, aurreikusiz, kontzientziazioa eginez.

Datozen urteei begira, garai bateko eredua berreskura daitekeela uste duzu? Nola? Aurretik aipatutako xarma hori berreskuratu behar da. Sanferminak sormenetik etorri dira, eta herritarrek eta herri eragileek duten sortzeko gaitasuna bultzatu egin behar da dudarik gabe. Orain hori guztia geldirik dago, baina uste dut nahi izan dutelako izan dela, izan ere, agian behar haina ez baina tresnak badaude: konpartsak, peñak, entzierroaren mahaia. Orain, Udal honek dauka hori aurrera ateratzeko giltza. Jada aipatu dut San Fermin Mahaiaren sorrerarena, guretzat oinarrietako bat dena.

Zure postu berritik sanferminei begiratuta, zerbait azpimarratu nahi al zenuke?
Batez ere jaiak antolatzeko beharrezkoa den parte hartzea. Hortik ateratako ekimenei bizitza eman behar zaie. Sanferminen garapenean ere irmo erreparatu behar zaie aurretik aipatu ditudan eraso sexisten aurkako politikari eta jabetze kanpainei. Ideia hori bultzatu nahiko nuke: jaietan aldarrikatu eta jaiak ospatu eta gozatu, baina errespetuz. Nahiko nuke, eta uste dut guztiok nahi dugula hori, giro baketsuan eta errespetuan oinarritutako sanferminak izatea aurrerantzeko guztiak.

Bateragarria izango al dira Joseba Asiron eta Iruñeko alkatea sanferminetan?
Argi dago obligazio asko izango ditudala alkate naizen neurrian. Aurretiaz antolatutako ekitaldi asko dago eta horietan egon beharra daukat. Baina gogoz hartuko ditut guztiak. Horien artean zezenketak, entzierroak eta prozesioa daude. Egitarauko ekitaldiez gain, Udalak badauka bere barne egutegia ere, eta hor adibidez kanpotik etorritako erakundeetako bisitak hartu behar ditugu. Egun batean Baionatik etortzen dira, adibidez. Baina bateragarria izango da, nahiz eta agian une zehatz batzuetan gusturago egongo nintzatekeen nire kabuz. Aurten horretaz jabetu behar naiz, iruindar guztien alkatea nahiz eta guztiak ordezkatu behar ditut, baita sanferminetan ere.

Zer da sanferminetatik gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana kaleko giroa da; lehen gauekoa zen, baina gaur egun bazkal aurreko unea asko gustatzen zait. Ordu desberdinetan baina kaleko giroarekin geratzen naiz batez ere.

Udaleko betebeharretatik at, zer ekimen ez duzu galduko?
Bai entzierroa bai entzierriloak asko gustatu izan zaizkit betidanik. Eta suek beti itsutu egin naute. Horiez gain aldika gauzak deskubritzen ditugu iruindarrek, baina horiek dira niretzat nabarmenenak. Eta zeinek daki, oraindik ezagutzen ez ditudanak eta orain ezagutuko ditudanak agian gustatuko zaizkit.