Bertsolari txapelketa nagusia 2013
Crónicas
Crónica
 
Erabakita dago jada BECeko finalean izango den zortzikotea

Maulen jokatutako azken finalaurrekoaren ondotik, erabakita gelditu da jada datorren abenduaren 15ean BECeko finalean nortzuk kantatuko duten: Lujanbio, Arzallus, Elortza, Colina, Gaztelumendi, Mendiluze, Iturriaga eta Sarriegi, hain zuzen.

@ane_arruti|Maule|30/11/2013
20131130_colina
Sustrai Colina izan da Mauleko saioan puntu gehien bildu duena. (Gaizka IROZ)

Maialen Lujanbiok badaki zein izango dituen abenduaren 15ean kantu lagun: Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi dira finalera sailkatu direnak.

Estu egon da oso sailkapena. Sarriegi eta Agirre berdinduta gelditu dira. Nork aurrera egin erabakitzeko, modu hau erabili dute: epaile bakoitzak, bi saiotan, bai Agirre eta bai Sarriegi zenbatgarren postutan zuten begiratu eta zenbaki horiek batu eta, beraz, zenbaki baxuena zuenak egin du aurrera.

Mauleko saioan «etxean» kantatu duen Sustrai Colina nagusitu da 695,5 punturekin. Urruñarrak kartzelako lan bikainarekin errematatu du arratsaldea, eta Jai Alai pilotalekua txalotan lehertu. Gainerakoak ez dira urrun ibili: 691,5 puntu Unai Agirrek; 689,5 Jexuxmari Irazuk; 688,5 Aitor Mendiluzek; 666,5 Jone Uriak; eta 648 Agin Laburuk.