Harkaitz Canok idatzitako narrazioa


13. ATALA

IZOZTEKO ADINIK EGOKIENA

HARKAITZ CANO | 2013/08/16


Bai. Euskal Protektoratuan ere bai. Irabazi egin zuen baiezkoak. Tiroles-euskaldunen elkarte gastronomiko esentzialistak gorabehera, ez ginen hain ezberdinak. %70a Izozte Aktaren alde. %21a kontra. %9a zuri. Abstentziorik ez. Derrigorrezkoa zen hipnobozka.

Erresistentzia gainditurik eta izozteko aukera legez ezarririk, bolada hartan huraxe zen trending topyc nagusia: «Noiz izoztuko duzu zeure burua?». Legez, 18 urtetik aurrera edonoiz har zitekeen jada KAI protokoloa, eta ebakuntzaren prezioa izugarri garestia zen arren, bankuek aise eman zituzten kredituak, bereziki jende gaztearentzat, sasoi betean izozteak sistemaren mesedetan fruitu oparoak emango zituen lan errendimendu mugagabea eragingo zuelakoan; 250 urtetan ordaindu beharreko kreditu bigunak eman ziren, interes oso baxuan. Dena biderkatzen  zen, dirua ordaintzeko epea, lan urteak, bankuaren mozkinak... Nork ez zuen, bada, bere burua sasoi betean mantendu nahiko, “forever young”? Beti gazte eta beti ekoizteko indar eta tenorean, hori zen garrantzitsuena! Pagotxa zen hura. Bankuentzat eta bioteknologia enpresentzat bereziki, jakina. Betikoek irabazten dute beti. “That´s how the bloody world works”.

Baina bazeuden izoztea erabaki ez zutenak, hala ere. Batetik,  ekologista erradikalak, bizitzak hasiera bat eta amaiera bat izan behar duela defendatzen zutenak. Aspaldian, ordea, kontrakoa zen filosofiarik hedatuena: bizitzak ez zeukala ez hasierarik eta ezta bukaerarik ere. Isuriaren Teoria esaten zitzaion, eta berpizte prerrogatibak –momentuz salbuespen bezala ematen zirenak– gero eta gehiago ugaritzen hasi ahala, indarra hartzen zuen teoria honek. Diru pribatuarekin berpiztu ziren: Steve Jobs, Nelson Rockefeller eta Michael Jackson. Diru publikoarekin: Franklin D. Roosevelt, Thomas Alva Edison, Albert Einstein. Iparramerikarrak edo amerikartuak lehenbizi, baiki. Arrazoi duzue. Gizonezkoak eta zuriak, hori ere bai. Michael Jackson barne. Euskal Protektoratuan Agirre lehendakaria zeukaten itxaron-zerrendan, eta kultur sailburua borrokan ari zen denok buruan ditugun kantari horiek zerrendan aintzakotzat har zitzaten. Ez zitezela soilik politikariak izan. Bertsolari eta musikariak ere bai.

Ekologisten ustez, bizitza zikloa une batean izozteak hankaz gora jartzen zuen ekosistema –onartu beharra zegoen ekosistema hitzak berak barrea eragiten zuela Eremu Babestuan–. Edonola ere, biziberritzea eta garapena ez zeuden segurtatuta betiereko bizitzaren bitartez (izatez eta zehazki, KAI protokoloak ez zuen betiereko bizitzarik ziurtatzen, iraupen biologiko estatiko-izoztua baizik; eutanasia zerbitzua eskaintzen zuten egoitza publiko zein pribatuek –El Ocaso, bezalakoek– ez zuten sekula lanik faltako: asperkeriaren gaitzarentzat ez zen sendabiderik asmatu eta horrek gain hartzen zion azkenerako bizitzeko gogoari). Bestetik, adin ezberdinetako gazi-gozoak ezagutu nahi zituzten abenturazaleak ere bazeuden, gehiegi zahartu baino lehen izozteko asmoa zutenak, bai, baina ez goizegi...

-Noiz da, ordea, early enough?

XX. mendeko idazle  hark zioen legez, «inoiz ez da uste duzun bezain garaiz». Pil-pilean zegoen eztabaida etxe guztietan:

-Itxaron zerrenda huge da, nik a.s.a.p. emango nuke izena, orain eginda ere bi urte baino lehen ez dizute izozteko txandarik emango...   

-Zimurrak sexyak dira, hala esaten zuten XX. mendean, eta ados nago ni ere: nahiago dut fourtyetara arte itxoin.

-Berrogei, ados... Bloody umemokoen errespetua izateko gazteegi ez izatea hobe; gurasoek aintzakotzat har zaitzaten ere bai... Baina ez askoz gehiago... Ez da, gainera, bakarka hartu beharreko choice bat. Zure couplearekin eztabaidatzea komeni da: biek together izoztu beharko lukete? Ala lehenbizi batak eta afterwards otherrak? Heldutasun sexual erabatekoa ez dute gizonezkoek eta emakumezkoek adin berean lortzen...

-Bai, that´s why Agatha Christiek esan ohi zuen zenbat eta zaharrago, orduan eta interesgarriago bilakatzen zela bera bere husbandarentzat... Arkeologoa zuen husbanda, by the way...

-Zuk ez duzu zure partnerrarekin honi buruz hitz egin? Really? You kiddin´? Orobistako publizitateak eta comercial networkak erabakitzen du, beraz, noiz behar dugun emakumeok iceoztu?

Izozte Protokoloaren defendatzaile porrokatuenek ere onartzen zuten bazituela bere arazoak kontuak. Kirolariei, esate baterako, debekatu egin behar izan zitzaien KAIa, baldin eta lehiaketan jarraitu nahi bazuten. Halakorik baimentzera, kirolari kasta pribilegiatu bat sortuko zatekeen. Honenbestez, ohiko bihurtu zen kirolariak erretiroa hartutakoan ebakuntza egitea; edo alderantziz, ebakuntza egin eta gero erretiroa hartzea.

Kirolari asko geratzen ziren depresioak jota, eta eutanasiaren bidetik jo zuten denboraren poderioz.