Ane Garcia

Eñaut Zubizarreta | Mendian hil, Hirian hil

Audio_placeholder

Eñaut Zubizarreta | Mendian hil, Hirian hil

Loading player...
Eñaut Zubizarreta
Eñaut Zubizarreta

Ez dugu sarritan izaten aukerarik soinu-banden inguruan aritzeko gurean, baina Eñaut Zubizarretaren lanarekin heldu zaigu salbuespena. Biolontxeloa izan du ardatz bere ibilbidean, eta esperimentazioari leku egin dio beti: Trigger ezizenez plazaratu zuen 2019an 'Esku bi hamar hatz' autoekoizpena, eta Wood Strings taldeko kidea ere bada. Oraingoan, 'Mendian hil, Hirian hil' dokumentala musikatu du biolontxelista aretxabaldarrak, eta Forbidden Colours etxearen eskutik plazaratu du soinu-banda.

Iñaki Peñak zuzendutako dokumentala da 'Mendian hil, Hirian hil', eta mendian bizia galdu duten pertsonen inguruko hainbat galdera arakatzen ditu: 'Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu?' Hain zuzen ere, erantzun bilaketa hori lagundu du Eñaut Zubizarretak, bizitzaren eta heriotzaren arteko hari fin horiekin musika eginez.

Hau dugu Eñaut Zubizarretaren 'Requiem', 'Mendian hil, Hirian hil' dokumentalaren soinu-bandatik.