NAIZ
BILBO

Bilboko San Frantzisko komentu zaharreko aztarnategia, zabalik

Bilboko San Frantzisko auzoan dagoen izen bereko komentu zaharreko aztarnategiak maiatzatik aurrera  zabalik ditu ateak. Berreginen Museoak kudeatzen duen gunea, gurean dagoen hiri aztarnategi interesgarrienetakoa da.

Hondarren ikuspegia. Orain ostegunetik larunbatera bisitatu ahal izango dira.(BERREGINEN MUSEOA)
Hondarren ikuspegia. Orain ostegunetik larunbatera bisitatu ahal izango dira.(BERREGINEN MUSEOA)

Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazak badu altxor gorde bat, 2017az geroztik bisitatu ahal izan dena, aurrez erreserbatutako bisita gidatuei eta ate irekietako jardunaldiei esker. San Frantziskoko aztarnategia da, frantziskotarren XV. mendeko komentu baten hondarrek osatua.

Plazan zundaketa arkeologikoa egin ostean –ustezko eremu arkeologikoa baitzen–, Alfontso Printzearen Kuartelaren hondarrak aurkitu ziren, XIX. mendekoak; baita San Frantzisko komentuarenak ere. Azkenik, zenbait urtez indusketak egin eta eremua herritarrentzat berreskuratu ostean, Bilboko Udalak erabaki zuen, Berreginen Museoaren bitartez, herritarrei komentu zaharraren aurriak ezagutzeko eta haiez gozatzeko aukera ematea. Ekimenak arrakasta handia izan du urteotan.

Orain, eta harrera ona ikusita, aztarnategiaren ateak zabaltzea erabaki du erakunde bizkaitarrak, aldez aurretik erreserba egiteko beharrik gabe, ostegun, ostiral eta larunbatero, ordutegi honetan: ostegunetan, 10.00etatik 13.30era eta 16.00etatik 19.00etara; ostiraletan, 10.00etatik 13.30era eta larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara.

Jendearentzako irekiera orokor hori eginez, aldez aurreko erreserba eta bisita gidatua egiteko beharrik gabe, bai Berreginen Museoak bai haren patronoek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, berriz utzi nahi du dute agerian gune horrek duen garrantzia, bai ondarearen ikuspuntutik, bai historiarenetik.

XVI. mendeko bizitza

Bilboko Berreginen Museoak kudeatzen du gunea; bertan, multzoaren eraikitze-faseak ikus daitezke, XV. mendearen amaieran eraikitako komentuaren lehen arrastoetatik, XIX. mendean haren bizitza amaitu eta eraitsi zuten arte. Beraren gainean, mende hartan bertan, kuartela eraiki zuten, eta horren zenbait egitura ere kontserbatu dira.

Hiribilduaren historia-zati hori ezagutu nahi duten guztiak libreki sartu ahal izango dira 2.000 m2 baino gehiagoko eremu estalian, eta inguru ikusgarriaz gozatu. Horretarako, sarrera erosi beharko da Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea, 14). Horren bitartez bi guneak ikusi ahal izango dira, bai museoa bai aztarnategia.

Bisita orokorraz gain gidatutako bisita egin nahi izanez gero, hondar arkeologikoon alderdi guztiak sakonago ezagutzeko, Berreginen Museoko Hezkuntza Zerbitzuak gidatutako bisitak antolatzen ditu, 94 415 02 31 zenbakian aldez aurretik erreserba eginda.