NAIZ

Digitalizazioari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute fundazioek Euskal Herrian

Euskal Herrian digitalizazioari buruzko eztabaida publiko eta sakona beharrezkoa dela nabarmendu dute IPES, Olatukoop, TEKS, Ipar-Hegoa, Manu Robles Arangiz eta Iratzar fundazioek. Bide horretan, abiapuntua izan nahi duen Euskal Herri Digitalerako lehen manifestua aurkeztu dute.

Liburu digital bat. (MANUTA/GETTY IMAGES)
Liburu digital bat. (MANUTA/GETTY IMAGES)

Digitalizazioak Euskal Herrian duen ezaugarriei buruzko «eztabaida publiko serio bat» hasteko unea dela nabarmendu dute IPES, Olatukoop, TEKS, Ipar-Hegoa, Manu Robles Arangiz eta Iratzar fundazioetako kideak. «Zehazki mahai gainean jarri nahi dugu garapen teknologiko honek demokrazian, lan munduan, hezkuntzan eta humanitatean izan dezakeen eragina. Horretarako, Euskal Herri Digitalerako lehen manifestua aurkezten dugu», azaldu dute ohar batean.


«Azken hamarkadetan bizkortu egin dira sistema kapitalistaren egiturazko zenbait fenomeno, hala nola finantza-globalizazioa, lanaren prekarizazioa, demokraziaren pribatizazioa edo berotze globala. Testuinguru horretan, gainera, jauzi kualitatibo bat gertatu da garapen teknologikoan», erantsi dute, garapen hori jendartearen zerbitzura jarri behar dela aldarrikatuz. Horretarako, Euskal Herri Digitalerako lehen manifestua aurkeztu dute.

«Demokraziari dagokionez, ezinbestekoa da baliabide eta zerbitzu digitalak ondasun komun gisa ulertzea. Informazioa sistema demokratiko erreal baten odola da, deliberazio funtzioa ahalbidetzen baitu, baina gaur egun merkantilizatuta dago. Horren ondorioz, albiste faltsuak edo egia ostea bezala ezagututakoak hedatu dira. Horregatik, gure egitura digitalen kontrola berreskuratu behar dugu. Bestalde, lanaren prekarizazioa eta enpleguaren suntsiketa hauspotu ordez, automatizazio-prozesuak bizitza duin eta kolektiboen alde jartzea proposatzen dugu», azaldu dute.

Hezkuntza

«Gure ustez, horrekin lotura handia du hezkuntzaren digitalizazioak. Konpetentzia digitalei buruzko diskurtso berriek subjektuak kontsumitzaile perfektu edo ekintzaile leihakor bihurtu nahi dituzte. Arlo horretan ere, premiazkoa da desmerkantilizazio-prozesuei ekitea eta hezkuntza-arloko zerbitzu digitalak eskubide kolektibo gisa ulertzea», gaineratu dute fundazio hauek.

«Gure ustez funtsezkoa den galderetako bat humanitate digitalei buruzkoa da: zer inplikazio dago memoriaren, historiaren, ondarearen, hizkuntzaren eta ikerketaren arloetan? Galdera horiei ez badiegu erantzuten borroka historiko batzuk desagertu egingo dira, eta Silicon Valleyren koporazio digitaletatik iristen diren digitalizazioari buruzko diskurtsoak gailenduko dira», gaineratu dute.

«Ezinbestekoa da subiranotasun digitalerako politikak abian jartzen hastea, planetako beste herri batzuk ari dira zentzu horretan urratsak ematen. Beraz, kapitalismo digitalaren alternatiba bat pentsatzera eta irekitzera deitzen dugu, hau da, eztabaida honen gako nagusiei buruzko ekintza-proposamenak aztertu, planteatu eta egingo dituen sare bat antolatzera», aldarrikatu dute.