NAIZ

Gurutzetako ospitalea munduko 100 onenen artean kokatu dute Pediatria espezialitatean

25 herrialde baino gehiagotako 40.000 adituk parte hartu duten sailkapen batek Gurutzetako ospitalea munduko 100 onenen artean kokatu du Pediatria espezialitatean. ‘Newsweek’ aldizkariak argitaratu du zerrenda.

Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gurutzetako ospitalea. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

‘Newsweek’ aldizkariak Pediatria arloko munduko 150 ospitale espezializatu onenen zerrenda argitaratu du, eta Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea 93. postuan kokatu du. 25 herrialde baino gehiagotako 40.000 adituk baino gehiagok parte hartu dute sailkapena egiten, espezialitate desberdinetako ebaluazio inkestetan, Lakuako Gobernuaren Osasun Sailetik jakinarazi dutenez.

Kardiologian, Endokrinologian, Gastroenterologian, Onkologian, Neurologian, Ortopedian, Medikuntza Pediatrikoan eta Nerabeen Medikuntzan, Kirurgia Kardiakoan, Neurokirurgian eta Pneumologian espezializatutako munduko ospitale onenak identifikatu eta nabarmentzen ditu ‘World's Best Specialized Hospitals 2022’ inkestak.

Sailkapena egiteko, Alemaniako Statista sareko estatistika atariarekin batera, 40.000 aditu mediko baino gehiago gonbidatu ditu aldizkariak –medikuak, ospitaleetako zuzendariak eta osasun profesionalak–, sareko inkestetan parte hartzeko, hainbat ospitale eta beren espezialitateak gomendatu eta ebaluatu ahal izatea xede. Inkesta horien emaitzak aditu medikoen batzorde global batek balioztatu zituen.

Barakaldoko ospitaleko Pediatriako zerbitzuburu Itziar Astigarragak adierazi duenez, zerrenda horretan sartuz aitorpena egin zaio ospitaleari, «zentro erreferentea delako gaixotasun arraroetan, hala nola fibrosi kistikoan, eta kirurgia konplexuetan, hala nola sortzetiko kardiopatian Euskadin, eta Osasun Ministerioak gaixotasun metaboliko hereditarioen, pediatriako giltzurruneko transplanteen eta epilepsia errefraktarioaren zentro, zerbitzu eta unitate erreferente gisa aitortuta dagoelako».

Orobat, bere iritziz, «Europako beste zentro handi batzuekin sarean lan egiteak duen garrantziaren erakusle da, bai eta gaixotasunen metaboliko eta endokrinologiko pediatriko arraroen Europako sare erreferenteetan nahiz haurren minbiziarekin lotutako nazioarteko beste ekimen batzuetan parte hartzearena ere».

Zerbitzua

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatria arreta zentroan bertan eta etxean ematen da, etxeko ospitalizazio taldeari esker. Talde horrek etxean artatzen ditu pazienteak, eta zainketa aringarri pediatrikoak ematen dizkie, beharrezkoak direnean. Halaber, asistentzia lanaz gain, lan handia egiten da irakaskuntzan eta ikerketan, eta proiektu asko garatzen dira Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuan.

Arreta espezializatuan egindako aurrerapenez gain, paziente eta familientzako osasun asistentzian ahalik eta kalitate eta segurtasun handiena lortzeko, ospitaleko zerbitzuko talde osoak apustu sendoa egiten du arreta hori gizatiarragoa izateko, eta ekimen ugari garatu ditu, bai pertsonen mailan, bai ingurune fisikoan.

Azken sei urteetan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hainbat aintzatespen eta sari jaso ditu, esaterako, Espainiako Pediatria Zerbitzu Onenarena, eta nabarmentzekoak dira Best in Class (BIC) izendatu dutela lau urtez jarraian (2015etik 2018ra) eta bost BIC izarreko Bikaintasun Saria 2019an.