Andoni Arabaolaza

Aiako Harria eta Jaizkibel, elkar besarkatzen duten bi mendigune

Mikel Arrizabalagaren ‘Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel’ liburuak (Sua argitaletxea) hogeita sei ibilbide proposatzen ditu baso, gailur, sakan eta itsaso gainean eskegitako haranetan barrena.

«Aldiro, gure mendietako batera igotzen naizen bakoitzean, nire begiradak beti talka egiten du Aiako harriko silueta bereziarekin. Paraje hauek ezagutu eta gero, hegan egingo dugu Jaizkibelgo lurretara. Pasai Donibanen hasi eta Higerreko lurmuturrean bukatzen den mendigune paregabe honetan». Hitzaurrea Mikel Arrizabalagarena da; hots, ‘Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel’ liburuaren egilearena.

Sua argitaletxearen eskutik (erdarazko edizioa ere badu) iritsi zaigun proposamen berria da, eta, denera, hogeita sei ibilbideren laguntzarekin aukera ezin hobea dugu Gipuzkoak ipar-ekialdean dituen bi paisaia ikusgarrienetakoak bertatik bertara ezagutzeko. Baso, gailur, sakan eta itsaso gainean eskegitako haranetan barrena eramango gaitu egileak lan biribila osatuz.

Fokua bi mendigunetan; biak ala biak arras erakargarriak. Aiako Harria parke naturala eremu babestu da, eta haren barnealdean granitozko eremua aurkituko dugu, Euskal Herriko bakarra. Jaizkibel, aldiz, bere ipar isurialdean itsasoraino amaitzen diren labar handiek egiten dute berezi eta paregabe.

Arrizabalagaren proposamenen artean denetarik dago, hala edonork egiteko moduko txango errazak nola mendi igoera neketsuak. Batzuek zein besteek ezinbestean ikusi beharreko lekuetara eramango gaituzte, dela paisaiaren eta naturaren ederraz gozatzera, dela ondare historikoa ezagutzera.

Altxorrak

Liburuaren egilea aski ezaguna dugu mendi ibilbideen inguruko informazioaren alorrean. Hainbat hedabidetan kolaboratu du; besteak beste, GARAn. Eta ‘Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel’ lanarekin beste urrats bat egin du bere ibilbide zabalean zein luzean: «Euskal Herria bildumako liburu honetan ospe handiko bi ingurune berezi hauek ezagutuko ditugu. Biak ala biak, gertu egon arren, oso orografia desberdina erakusten dute, ia-ia antagonikoa, bakoitza bere balio ekologiko eta kultural garrantzitsuenekin. Biak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, beti ere naturarekiko erakutsi behar dugun begirunez, oreka ekologikoa aldatu gabe eta guztion ondasun diren paisaia zainduz eta gaurdaino izan duten edertasun eta xarmaz gozatuz. Kontraste handiz beteriko parajeak, hamaika sentsazio ezberdinez gauzatzeko inguru paregabea».

Arrizabalagak berak aurreratu du oinez egiteko proposatzen dituen ibilbide horietan tontor eta ingurune ezagunenetakoak islatzen saiatu dela; kasu askotan bide balizatuak erabiliz. Hortaz gain, gehitu du ibilbide gehienak osorik edo zati batean (zirkuluan ere) egin daitezkeela: «Horrela ibilbideari probetxurik handiena ateratzeko beta izango da. Ibilbideak konbinatzeko aukera ere badago, horietan burutu beharreko distantzia eta denbora luzatuz».

Bide batez, liburuaren egileak gogora ekarri nahi izan du ibilbide guztiak urteko edozein garaitan egin daitezkeela. Horietako batzuek gailurra izango dute helburu, baina, oro har, haran estu eta misteriotsuak zeharkatzeko aukera izango da: «Hortaz gain, baso trinkoetan murgilduko gara, ekosistemen aniztasunez gozatuko dugu, elezaharrak gogoratuko ditugu, itsas-labarretaraino jaitsiko gara eta gure arbasoen hondakinak bisitatuko ditugu».

Azkenik aipatu behar dugu Arrizabalagaren azken obra honek Mapas Pirenaicos sortako ‘Aiako Harria y Jaizkibel’ (2018) liburukiko edukiak gaurkotu eta osatu dituela.