Amaia Uribe
IRITZIA

Medikuak

Azkenaldian sarri joan behar izan dut medikuarenera eta oso erreta ikusten ditut osasun langileak. Lan karga itzela dute, pertsonala falta da eta gainezka egitear daude.

Bost urte eman nituen Estatu Batuetan eta medikuarenera joatea saihestu egiten nuen. Osasun aseguru ona neukala-eta, nirekin negozioa egiten saiatzen zirela iruditzen zitzaidan. Gogoan dut osasun zentro batera joan nintzen lehen aldia. Ezpaina handituta neukalako joan nintzen eta, hasteko, harrerakoek egun onik ere ez zidaten eman. Orri mordo bat eman zidaten eta denbora pila bat eman nuen nire aseguruaren datuak idazten. Mediku asegurua neukala ikusi zutenean, bai, atseginago jokatzen hasi ziren eta halako batean artatu ninduen medikuak. Ezpaina begiratu zidan, baina gernu analisiak eginda eta gripearen txertoa jarrita irten nintzen kontsultatik. Ezpainarena gutxi ez eta analisiak eta txertoa ere fakturatu nahi izan zituen medikuak. Eta orduan konturatu nintzen osasuna dirutan neurtzen dela Estatu Batuetan. Beste behin, medikuak niri galdetu zidan ze tratamendu jartzea nahi nuen: merkea ala garestia. Ez nuen jakin erantzuten, ez baitut Medikuntza ikasi.

Euskal Herrira itzultzearen gauza onetako bat betiko medikuarengana joatea izan da. Hemen bai, konfiantza osoa dut medikuengan. Badakit behar dudan tratamendua jarriko didatela, prezioari begiratu barik. Badakit ezpaina handituta badaukat, ezpaina bakarrik begiratuko didatela. Badakit ahalik eta arreta onena ematen saiatuko direla, eta horrela izaten jarraitzea nahi dut. Ulertzen ditut medikuen haserreak eta grebak. Ulertzen ditut nekea eta protestak. Estatu propioa izatea eskaera logikoa da eta guardia orduak murriztea denontzat ona da. Ez da normala zirujau bat zortzietan lanera sartzea eta goizaldeko lauretan oraindik ere ebakuntza bat egiten egotea. Atseden hartuta eta pozik dauden medikuak behar ditugu kalitatezko osasun publikoa izateko. Nik, behintzat, ez dut Estatu Batuetako sistema pribaturik nahi. Zaindu dezagun daukaguna.