amagoia mujika
IRITZIA

Printze urdinak

Gazteak ginen, orain baino gazteago. Parrandan genbiltzan kuadrillan eta taberna jendetsu batean gutxieneko distantziak apurtu eta mutil bat belarrira hurbildu zitzaidan ez oso elegante. Bakean uzteko esan nion, baina ez zuen entzun (nahi) eta berdinean segitu zuen, distantziak txikitzen eta belarria jaten. Azkenean bultza egin nion, bera bezain bortitz, letxe txarrean berekin eta nirekin zeudenekin. Nire parrandakide guztiak mutilak ziren une hartan, horietako bat gertuagoko laguna. Haserre esan nion ez zuela ezer egin ni defendatzeko eta erantzun zidan begira zegoela, arretaz, baina ikusi zuela bakarrik ederki defendatzen nintzela eta ez nuela bere beharrik. Nik, ordea, ipuinetan, filmetan eta telesailetan ikasia nuen benetako maitasuna bestelakoa zela. Ez zela hain arrazionala eta patxadatsua, eta printze urdinak ezpata azkar ateratzen zuela norbaitek bere maitea erasotzen zuenean. Ipuinetan, filmetan eta telesailetan printzesa ez zen inoiz bakarrik defendatzen. Are gehiago, printzesak ez zekien bakarrik defendatzeko gai zenik ere. Eta pentsatu nuen nik nahi baino gutxiago maite ninduela nire printze urdinak, eta nahiago nukeela babo hari ukabilkada bat eman izan balio...

Ordutik urte asko pasatu dira eta printzeak kolorez aldatu unean uneko modaren arabera, baina askotan akordatzen naiz gau hartakoaz. Zer pentsa eman zidan nire printze kolorgetuak. Gerora ikusiak ditut ukabilkadak eta ostikoak «nire neskari ipurdia begiratu diozulako», eta, egia esan, ez zaizkit batere gustatu. Konta dezatela nahi dutena ipuinek, baina inor ez dadila borrokatu nire ipurdiaren jabetza aldarrikatzeko.

Zaila da, ipuinek, filmek eta telesailek gauza berdintsuak kontatzen segitzen dutelako. Arropa modernoagoa daramate, baina printze-printzesak lehengo berdinak dira. Printzea haserretu egiten da norbaitek bere neska begiratu edo ukitzen badu eta kolpeka erantzuten dio. Orain, gainera, gimnasiora joaten da egunero eta oso indartsu dago. Eta Whatsappari eta sare sozialei esker, askoz “kontrolatuago” dauka harremana. Bitartean, printzesa, gazteluan dago preso, nork eta noiz askatuko zain, ilea orrazten.

Batzuetan ordu erdiz telebistaren aurrean esertzea nahikoa da amildegian sentitzeko. Parekidetasunaren bidean aurrera eman den pauso bakoitza arrastaka eman da, ederki kostata, matxismoaren kateak bi hankak lotuta. Eta askotan nahikoa da film bat, telesail bat, iragarki bat... gauza asko hankaz gora jartzeko.

Nik ez dut nire ipurdiaren jabetza aldarrikatzen duen printzerik nahi. Unearen arabera ezinak, irriak edota plazerak nirekin partekatuko dituen bidaidea nahi dut, paretik parera. Ondo legoke serioago zainduko bagenitu ipuinek, filmek, telesailek edota iragarkiek kontatzen dituztenak. Gero larritu, aztoratu eta haserretu egiten gara belaunaldi gazteek betiko ipuin beltzak idazten dituztenean. Zerbait gaizki doa.