GALDER PEREZ
IRITZIA

Kult(h)ura

Duela gutxi gure herriko kantugile handi batekin elkartu eta euskal kulturaz aritu ginen. Gure herriko kulturgintza akuario batean kokatu zuen berak. Zertarako eta, batzuetan handik ateratzeko beharra azaltzeko, akuariotik ozeanoetara irteteko grina, alegia. Akuariotik itsaso handira nabigatzera irten ala, zergatik ez, arrantzan egitera, bolantarik gabe. Gogoratu, bestela, euskaldunek baleen bila egindako bidaiak eta horiek oinarri hartuta sortutako bertso zein kantu ederrak. Eta beti amestu dugun itsasoetako piratak izateko aukera itsaso urrunean dago, lapurtutako itsasontzi batean, Euskal Herritik kanpora. Badira sormenerako aukera pila ematen duten akuarioak. Imajina dezagun bertan kolore ezberdinetako arrainak elkarrekin bizitzen direla, edo hobeto esan, saiatzen direla: gehienak laranja kolorekoak (tradizionalak, aldaketen beldur), mila koloretakoak ere badaude (hippi ukitua kendu ezinik), begi handi eta borobilak dituzten arrain kontrolaezinak (misterioa nola ez zaien hautsa uretan desegin) edota arrain beltzak (janzkeraz soilik, ez azalekoak, noski). Pirañak nagusi, jakina, beste guztiak irensteko prest dauden horiek.

Gure akuario honek daukan litro kopurua da zalantza eternala. Zenbat litro dira, bat, hiru, zazpi? Litro kopuru ezjakin honetako akuarioan korrontearen kontra igerian mugak pasatu behar ditugu, muga solidoak eta ez likidoak. Baina ezer gertatuko ez balitz bezala, submarinistarena egitea nahiago dute arrainek, eta segi aurrera, “Dory” arraina bagina lez. Hori bai, akuarioa saldu zigutenean ura maiztasunez aldatu behar zaiola ohartarazi ziguten, arrainontzi honek ez baitu makineria erosteko diru laguntzarik. Eta litroekin bezalako zalantza orduan... inork garbitzen du ala beti zikin dago? Norbaitek garbitzen omen du, bai, bestela arraintxo hauek ez lukete gehien maite dutena egingo: haien isla kristalaren kontra ikustea.

Arrain-dantza, arrain-kanta, arrain-kontu, arrain-bertso, arrain-solas... gozamena da ur arteko artea. Larritzeko ezer izatekotan, arrain horiek guztiak akuario barruan daudela da. Abenturan, arrantzan edo pirata izateko gutxi ateratzen dira. Orduan, akuariotik salto egin eta beren buruaz beste eginda arrainontzitik kanpora ateratzen ez badira, ez dira sekula beraiek sortutako akuario horren ikusle, entzule, irakurle eta hartzaile izango, haien isla berriz ere kristalaren kontra ikusteko ez bada, noski. Eta harriak bailiran, arrainontziaren parte ustez aktibo, baina benetan pasibo izango dira, besterik gabe. Beraz, kristala hautsi eta kult den ur guztia sakabanatu aurretik, ona litzateke bertatik sartu-irtenak egitea. Tarte txikirako baino ez bada ere, ateralditxoa sanoa da. Bihar, gure anomaliak berriz behartuko gaitu ziega modukoa den kristalezko lau pareten arteko uretara bueltatzera, eta gustura egingo dugu. Bitartean, irtenaldiak ez du minik emango. Urrun joatea maite ez duten arrainek ez dute kezkatzeko arrazoirik, ateraldiak ez duelako zertan beste ozeano handietara izan. Kristalaren beste aldera pasatzea da kontua, gure urarekin ito aurretik. Beste inork gure kult den ur hori edaten ez badu, eta gure islak gu jan aurretik, edan dezagun geuk bada sortu dugun ura.