GALDER PEREZ
IRITZIA

Sirena beltzak garagardo egarriz

Uraren ostean, munduan gehien edaten den edaria garagardoa dela pentsatzen nuen. Baina tea eta fruitu zukuak dira, ranking batzuen arabera. Kafe enpresaren bat gertu badabil, berriz, orduan kafea da, noski, uraren ostean gehien edaten den edaria. Garagardoa, ordea, bada alkoholdun edarien artean gehien kontsumitzen dena, zalantzarik gabe. Kontuak kontu eta diruak diru, garagardoaren industriak 700 bilioi dolar inguru mugitzen du munduan urtero. Garagardoak zerbait egiten ikasi baldin badu, marka egitea da. Marka egiteak suposatzen duen guztiarekin, identitate bat eta ustezko mila balore, edozerk balio baitu gehiago saltzeko. Baita marketinez pornografia egin ere, gure ingurugiroa eta gizateria kolokan jartzen duten benetako kontuekin.

Publizitateaz gain, gure burmuinetan azken boladan errazen irentsarazten dizkiguten pilula komertzialak telesailak dira. Hauek ere bogan dauden aferez aprobetxatzen dira. Esaterako, Disney ultrakontserbadorea ausartu da zer eta ipuinetako protagonista handietako bat pertsona beltz batek gorpuzten. Gero eta ohikoagoa da arraza ezberdinetako pertsonak, LGTBI kolektibokoak eta jendarteko bestelako gutxiengoen parte diren protagonistak kuota bat betetzeko sartzea. Baina ez dira kolektibo horien errealitatea eta jasaten dituzten bidegabekeriak islatzeko agertzen. Besterik gabe, aurpegia zuritzeko kuota betetzea dute xede, saltzea zilegi bihurtzen dute.

Garagardo freskora bueltatuta, uda honetako adibide argia Mediterraneoa eta garagardo marka ospetsua da. Aurreko kanpainetan cool eta hispter bizitzaren ezinbesteko partetzat zuen itsaso hori. Orain, berriz, hartzaileen kontzientzia astindu nahi duela diote. Sirena moduko dantzari batek, ez Disneyrena bezala beltza, zuria baizik, plastikoek itota hiltzen agertzen zaigu. Ez dira sirenak, ordea, Mediterraneo itsasoan egunero hiltzen direnak; etorkinak dira, gehienak beltzak. Oportunismo itzela da halako egoera tamalgarriez baliatzea. Baina haientzat politikoki zuzena eta bidezkoa denak mugak ditu, jakina. Benetako norbait hiltzen erakutsiko baligute, ez lukete garagardorik salduko. Gainera, ondo orkestratutako makineria izan da, garagardo markak kanpaina honen gaineko olatua bere plastiko-kudeaketa berria iragartzeko aprobetxatu baitu.

Justizia soziala ez da moda bat, baina salgai dago, antza. Marketinak halako ezinbesteko ideiekin bat egiten duenean, kolokan jartzen dira eta borroka horien funtsean dagoena hutsal bihurtzen du; gordetzen den tragedia ekologikoa, soziala edota politikoa ez denean, trago batekin konpontzeko gertu saltzen digute. Publizitate pornografikoak borroka duin bat salmentarako lehengai bihurtzen duenean, zerbait oso gaizki egiten ari garen seinalea dirudi. Izan ere, justizia sozialak aurka egiten dion mamu erraldoi hori marketin eta marka handien anaia da, kofradiakoa. Esan bestela, inork imajinatzen ote duen euskal gatazkaren aferarekin platerak garbitzen bi edo hiru herri agertzea, zer eta plater detergenteak saltzeko.