Iker Bizkarguenaga Argazkiak: Conny Beyreuther
Entrevista
josu zabala eta Gari

«Dena sekulako abiaduran aldatzen ari da, baina gure kantu batzuek gaurkotasun handia dute» Josu Zabala eta Gari

Pinuz betetako herri hau tropikala izango zela iragarri zuten, eta badute meritua, orduan egunak grisak baitziren eta kalean hotz egiten zuen. Tabernetan salda egoten zen; orain aldiz, reggaetona. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Denboraren orratzek gezurrik esaten ez badute, eta zin dagizut ez dutela inoiz gezurrik esan, ia lau hamarkada igaro dira Hertzainak taldeak Euskal Herriko agertoki musikala astindu zuenetik. 1981eko Urtezahar gau sonatu hartan piztutako lurrikarak hamabi urte iraun zituen, baina noizbait agur esatea erabaki, eta beraientzat udaberri berririk ez zen izan. Geroztik, plaza desolatuetan umezurtz geratu ziren zaleen ametsa –benetako ametsa, ez prefabrikatua– abesti horiek berriro zuzenean kantatzea izan da. Aste honetan, zale horietako batzuek aukera izango dute, Josu Zabalak (Otxandio, 1954) eta Iñaki Garitaonandiak (Legazpi, 1963) kontzertu parea eskainiko baitute Bilbon, pasa den astean Kafe Antzokiko arnasguneko lagunei eman dezaketenaren lagin bat erakutsi ondoren.

XXI. mendean gaude eta ezer ez da berdin, baina Josuk eta Garik argi daukate orduko abesti askok egungo errealitatea islatzeko balio dutela. Azken hilabeteak emanaldi hauek prestatzen eman dituzte, egunero, eta 7K-ri eskainitako elkarrizketan aitormena egin dute: hau guztia saria da beraientzat. Gogotsu daude, eta pozik. Gu ere bai, noski; azken finean gizaki hutsak gara.

Sarrerak oso azkar agortu ziren, ez zintuzten harrituko…

Gari: Ni bai, pila bat. Ezustean harrapatu nauen gauza bat izan da. Ezustean harrapatu nau, eta sari bat bezala ikusten dut.

Baina jakin badakizue Hertzainak-en abestiak herri honetan ereserki bilakatu direla.

Josu Zabala: Bai, baina ia mende bat pasa da Hertzainak taldea desagertu zenetik. Badakizu hor zalego bat egon daitekeela, jada oso adinekoa, baina ematen du belaunaldi berrietara transmisio bat izan dela, eta ez dela bakarrik gure zale zaharren mobilizazio bat izan, zerbait gehiago ere badela hor. Alde horretatik, sorpresa; nik, egia esan, ez nuen espero. Egun batekoa erraz osatuko genuela uste nuen; gero bigarrenekoa, eta sarrerak hain azkar agortzea, ezustea izan zen. Eta gainera, buruhauste handiak eragin dizkigu, zeren hainbat lagun sarrerarik gabe geratu dira, eta ez dira erraz konformatzekoak; oraindik kaparrada ematen digute egunero, eta ez dakigu zer soluzio eman ahal diegun. (Barre egin dute biek).

G.: Publikoak eman digun erantzun horrek ezustean harrapatu gaitu, eta ikusi beharko da ekaitz perfektu hau pasa ondoren kapazak izango ote garen hau dena hobeto asimilatzeko.

Belaunaldien arteko transmisioa aipatu du Josuk. Zer jende mota joango da kontzertura? Aurretik Hertzainak zuzenean ikusi duena, transmisio hori jaso duen jende gazteagoa...

J. Z.: Denetarik izango dela iruditzen zait. Multzo garrantzitsu bat gure garaikideek osatuko dute, lagunek, baina hortik entzun dudanagatik susmoa daukat gazteak etorriko direla. Esan dudanez, belaunaldi arteko transmisioa gertatu da eta ematen du gure izenak taldeak baino dexente gehiago iraun duela.

G.: Garai horretan ere, Hertzainak-ek “Aitormena”-ren diskoa atera zuenean, talka bat izan zen. Izan ere, disko hori baino lehenago gure publikoa gure adinekoa zen, eta hortik aurrera, eta taldearen historia amaitu arte, zalegoa gu baino askoz gazteagoa zen. Nik publikoaren tartea 40 eta 65 urteetan kokatzen dut, gutxi gorabehera. (Barreak berriro. Guk ere bai, adin tarte horretan gaude eta...).

Aurkezpenean, Hertzainak-en abesti esanguratsuenak edo ezagunenak abestuko dituzuela esan zenuten. Erraz esaten da, baina abesti guztiak oso ezagunak dira. Zaila izan al da aukeraketa lana?

J. Z.: Bueno, kantu batzuekin oso ebidentea zen. Lanaren lehenengo zatia, hau da, paper batera titulu pila botatzea, oso erraza izan da. Beste gauza bat da gero, abesti horiei aurre egin behar zaienean, gorputz hauetatik kantu horiei atakea egitea, gaur nola joko genituzkeen ikustea… Hor bai, hor zalantzak sortzen dira. Gure asmoa ez da kontzertu honetan Hertzainak-en imitazio bat egitea, baizik eta Hertzainak-en kantuei omenalditxo bat egitea, eta taldeari berari ere bai. Berrirakurraldi bat da, nolabait esan. Bestetik, testu batzuek gaur egun agian ez daukate hainbeste zentzurik, beste batzuek, ordea, bete-betean asmatzen dute eta gaur egungo garaia deskribatzeko gai dira. Fisikoa, burua eta letrak uztartzea ez da hain erraza izan, baina lortu dugula uste dut. Hogei eta piko abesti izango dira eta espero dugu berrirakurraldi honek gaur egungo publikoari zeozer esango diola.

G.: Bestetik, estilo aldetik, lehenengo diskotik azkenengo diskora hainbat esparru landu genituen, eta erronka hori ere izan dugu, nolabait oreka bat bilatzea. Saioa osorik hartuta, paleta horretan azaltzen diren erregistro horiei beren espazioa ematen asmatzea.

Eta kontzertua prestatzeak, ahalegin handia eskatu dizue?

G.: Ikaragarria. Gainera, Hertzainak-en errepertorioko kanta gehienak ez ziren abestiak bakarrik, jarrerak adierazten zituzten kantak ziren baita ere, eta Josuk esan duen bezala, gaur egun bai fisikoki bai psikologikoki eta emozionalki beste leku batean gaude. Eta Hertzainak-ek landu zituen elementu horiek guztiak eguneratzea, barneratzea eta egia berri bat izango balitz bezala azaltzea erronka ikaragarria da. Eta lan izugarria eskatzen du.

J. Z.: Nire kasuan gehitu beharko nuke herdoil asko pilatuta nengoela. Oholtza aspaldi utzita nago, eta horra bueltatzea eta forma apur bat hartzea ez da batere erraza. Eta oraindik ez daukat buruan batere argi zer jarrera izan behar dudan, nola plantatu behar naizen kontzertuaren egunean. Hori deskubritu beharreko gauza bat da, segur aski azkenean inprobisatu beharko dena.

G.: Berez etorriko dena!

J. Z.: Berez etorri beharko da, bai. Bere garaian etorri zen moduan. Orduan ez genuen planteatzen zer jarrera izan behar genuen publikoaren aurrean, bat atera genuen eta listo. Eta orain ez dakit zein izango den.

G.: Baina entseguetan nolabaiteko argi pittin bat ikusten hasi gara.

J. Z.: Baina ni oholtza zapaltzeko moduaz ari naiz. Gauza bat jotzea da eta beste bat esatea: «Orain zer? Oholtza apurtuko dugu ala zer?».

G.: Nik beldur handiagoa nuen, baina dagoeneko hainbat entsegutan ikusten ari gara nahiz eta oraindik gauzak pintzekin hartu behar diren, bagaudela, kantak berak daukan indar horrek bultzatzen gaituela. Oraindik oso mantso, baina jadanik hori ikusten da, irudikatzen da, eta nire ustez hori garrantzitsua da. Orain ez daukat horrelako beldurrik. Beldurra hasieran izan zen, hau dena planteatu genuenean, gure aurrean azaltzen zena Aizkorri mendia zen, baina biderkatuta… Baina bagoaz.

Data berdinetan La Polla Records taldeak bira handia hasiko du, sekulako arrakastarekin, sarrera guztiak agortuta. Zuek horrelako zerbait egiteko tentatu zaituztete?

J. Z.: Tira, tentazio hori izan genuen, Euskal Herriko hiriburuetan taldearekin biratxo bat egiteko, baina azkenean hori ez da posible izan. Hertzainak taldea ez da existitzen gaur egun, orain gaudenak Gari eta biok gara, eta ez gara Hertzainak. Hertzainak izateko Kike, Txanpi, Bingen eta Tito falta dira, gauza gehiegi eta ezin duguna ordezkatu. Bere garaian utzi genuen eta ondo utzita dagoela uste dut, gauzak amaitzen jakin behar da baita ere. Inoiz halako zerbait egiteko tentazioa izan dezakegula, ondo pasa dugulako eta izpirituak eskatzen digulako? Ba, akaso bai, baina ez dugu horrelako asmo komertzialik. Guk Hertzainak-en kantuei omenalditxo bat egin nahi diegu, eta omenaldiak ez dira biderkatzen.

G.: Gainera, uste dut patuak jarri gaituela orain gauden lekuan. Kasu honetan, ez da kanpotik etorri den indar bat edo proposamen bat izan, guk bultzatutako egitasmo bat baino ez da izan. Guk prestatu dugu, guk nahi izan dugun moduan eta pentsatu dugun moduan. Talde osoarekin antzoki itxietan, publikoa eserita eta modu intimoagoan egiten ahalegindu ginen. Patuak nahi izan du momentua orain izatea, eta guk hartu ditugu erabakiak hori gauza dadin.

Edonola ere, La Pollaren biraz aparte azkenaldian garai horretako beste talde batzuk itzultzen ari dira, eta nolabaiteko itzulera bat badago 80ko hamarkadara; zineman, telebistan, musikan, estetikoki ere bai. Hamarkada hura idealizatzen ari gara? Nostalgiarekin begiratzen zaio?

J. Z.: Nik uste dut musikaren kristolako krisia dela hor dagoena. Belaunaldi berriek kontzertuetarako joera eta musika kontsumitzeko modu oso desberdinak dituzte. Musika lokalak zailtasun handiak ditu gaur egun publikoaren aurrean ondo kokatzeko, eta revival hori krisi honen beste adar bat da. Zer egingo diogu? Mundua aldatzen ari da, gauza asko aldatzen ari dira, nire ustez ez denak hoberako, eta aldatzen jarraituko dute. Txarrena, nire ustez, talde berriek dituzten zailtasunak dira, eta gaur egun kontzertuetan oso gazte gutxi ikusten dela. Bestetik, hilezkorrak omen ziren estilo batzuk hiltzen ari dira. Rocka ia-ia defuntu bat da, beste joera musikal berriek hartu dute haren lekua eta hartzen jarraituko dute.

G.: Nostalgia aipatu duzu, baina nostalgia hori pizteko markak behar dira, eta Hertzainak, urte mordoa pasa eta gero, eta hasieran ere bai, marka bat bilakatu da. Eta nik uste dut publikoak oso ondo identifikatzen duela marka hori. Hori ez da guztiekin gertatzen, badaude marka batzuk ez dutenak horrelako erantzunik. Ez dakit zer egin genuen ondo –badakit zer egin genuen gaizki– orain marka horrek horrelako erantzuna jasotzeko. Agian oker nabil, baina pentsatu nahi dut nolabaiteko saria jasotzen ari garela, baita ere. Hogei eta piko urtean Hertzainak ez da inon azaldu, desagertuta egon da, eta orain bat-batean horrelako erantzuna jasotzea nik horrekin identifikatzen dut. Sari bat da. Hain ordu gutxitan horrelako salmenta kopurua izatea, horrelako leku batean, sortu den zurrunbilo hori guztia… sari potolo bat da.

Mundua asko aldatu da, agerian dago, baina aipatu duzue Hertzainak-en abesti batzuek egungo egoera islatzeko balio dutela. Zer ez da aldatu?

J. Z.: Gauza asko aldatu dira, baina aldaketak ez dira beti norabide berdinean izaten, munduak aurrera eta atzera egiten du. Gaur egun ikusten ari gara nola eskuin muturrak lehen ez zegoen lekuetan irabazten duen. Ze gauzak… Baina berrogei urte lehenago bai, bazegoen! Bestetik ikusten dugu gure garaian Gasteizen ia ez zela euskaraz egiten eta gaur egiten dela. Denborarekin gauza asko aldatzen dira.

G.: Gu aldatu gara. Pila bat.

J. Z.: Aldaketarik txarrena segur aski klimarena da, ez? Baina, begira, guk eman genion gai horri lehenengo kantua munduan.

G.: Txantxetan, bai…

J. Z.: Hain axolagabeak ginen, non aldaketa klimatikoaren aldeko kanta egin genuen. Horrelakoak ginen… Ez genekien orduan hori arazo bat izango zenik, gaur dakigun moduan. Hala ere, aldaketak maila pertsonalera ekarrita, aldaketa garrantzitsuenak jarreren aldaketak dira. Garai horretan bazegoen munduarekiko nahiko kritikoa zen jarrera bat, beste jarrera militante bat. Eta ez nabil bakarrik politikaz, gizartearekiko kezka, eta bizitzeko grina, oso desberdinak ziren, segur aski orduan bizitzea ez zelako hain erraza. Agian gaur egun jendea errazago konformatzen da, orduan akaso inkonformistagoak ginen… ez dakit. Baina esan bezala, dena mugitzen ari da, orain harantz doana bihar honantz etorriko da, eta alderantziz. Orduan, gure kantu batzuek, zoritxarrez, oraindik gaurkotasun handia dute. Gure kanta batek esaten zuen “Hau dena aldatu nahi nuke”, eta egia da letra errebisatu dugula Igor Elortzaren laguntzarekin, baina leloak hor dirau, eta kontzertu hauetara orduko jarrera da ekarri nahi duguna.

Grina aipatu duzu, eta azkenaldian herri honi grina falta zaiola esan da. Bat al zatozte?

G.: Kontuan hartu behar da mundua aldatu dela, eta sekulako abiaduran aldatzen ari da. Orain aldaketak egun batetik bestera sumatzen dira, eta nik uste dut gazteek ere beste mundu bat ikusten dutela, guk oraindik hain garbi ikusten ez duguna. Beraiek dagoeneko hor daude sartuta, eta gu beste leku batetik gatoz. Guk beraiek baino malgutasun handiagoa dugula esaten dute batzuek, gizarte mailan esperientzia desberdin asko bizi izan ditugulako…

J. Z.: Baina gu gazteak ginenean ez ginen hain malguak, beraiek ere jasoko dute eta lortuko dute ateratzea.

G.: Horixe da, prozesu bat da. Utz ditzagun beraiek beren bidea egiten.

J. Z.: Gertatzen dena da zentzu askotan gure gizartean gaur egun bizitzea, oro har, erosoagoa dela. Jendea pixka bat babestuago dago, familietan oso seme-alaba gutxi izaten dira eta familiak oso ondo zaintzen ditu dituen seme-alaba gutxi horiek. Beste zerbait da. Baina noski, horrek ere bere ondorioak dauzka eta bere krisiak eragiten ditu.

G.: Ramon Bareak aurrekoan esan zuen: «Ondo egin al dugu gaur egun Pabiloi 6 horretan antzerkia egiten ari diren gazteei entsegu bakoitzeko kobratzen?». Galdera hori jartzen zuen mahai gainean. Gure garaian ez zitzaigun horrelakorik burutik ere pasatzen; entsegua ordaintzea? Nola liteke? Berak galdetzen du, «ondo egin al dugu»? Horri ezin diogu erantzun.

Azken hamarkadetan gazteak erosoago bizi izan direla egia izan daiteke, baina etorkizuna, beltz samarra ageri zaie. Nola ikusten duzue etorkizuna?

J. Z.: Argi dagoena da egungo belaunaldiek denborarekin sekulako arazoak topatuko dituztela. Gaurko pentsiodunak kezkatzen dira, eta protesta egiten dute, baina ez dakit hemendik berrogei urtera pentsiodunik egongo den. Edo ez dakit plastikoak janda ez garen ibiliko hemen bertan, edo arraina jaterik posible izango dugun. Oro har, ikuspegi iluna dago zentzu askotan. Batzuek itxaropen puntu bat jarri nahi dute, zientziak konpondu beharrekoa konponduko duela esanez, baina nik zalantzak ditut. Tira, gure profeziak bi izan ziren, Euskadi tropikalarena eta rockak ez zuela herri honetan dirurik emango, eta gehiago ez dugu botako.

Euskadi tropikala… klima aldetik haraxe goazela ematen du, eta gazteek «musika tropikala» entzuten dute, reggaeton eta halakoak. Zer ematen die musika mota honek rockak ematen ez diena? Zerk egiten du hain erakargarri?

J. Z.: Rocka gazte independentearen ikur bat zen, hau da, gazteen independentzia aldarrikatzen zuen estilo bat, aurreko belaunaldiekiko kritikoa zena, eta hori guztia ludikotasunarekin ondo nahasten zuena. Agian gaur, lehenengo bi osagai horiek ez dira beharrezkoak. Gaurko gazteek independenteak izan nahi dute?

G.: Agian ez dute nahi.

J. Z.: Agian ez dute behar hori eta ez dute aldarrikatu behar.

G.: Musika estilo horietan zer-nolako istorio eta kronikak egiten dituzten ikusi behar da. Ia guztiak berdinak dira: txortan egin, drogak…

J. Z.: Ludikotasuna… Hori mantentzen da, beti mantendu da, tangoan eta pasodoblean ere bai.

G.: Gero industriak sekulako indarra dauka, eta azkartasuna, hori harrapatu eta pakete batean sartzeko.

J. Z.: Industriak beti egin du hori, estilo guztiekin.

G.: Bai, baina artistak berak bakarrik egiten duela ematen du, Rosalia bera bakarrik heldu dela horra. Beste batzuekin berdin gertatzen da, baina bere kasua oso agerikoa da: Sony International-ek esan zuen, «neska hori guretzat». Sony Españak ez, Sony International-ek. Eta hor jarri dute.

Orduan, lehen gauzak aldatu nahi ziren eta orain gauza horietara moldatzea da helburua?

J. Z.: Gure garaian entretenimendua guk sortu behar genuen, inor ez zen horretaz arduratzen, politikariak beste gauza batzuetan zeuden eta guk asmatu behar izan genuen gure dibertimendua. Taldeak sortu, tabernak… guk dena egin behar genuen, inork ez zigulako egiten. Gaur egun hori desberdina da, sekulako aukerak daude entretenimendurako. Gainera doanik da, musika doanik da, Interneten sartzea nahikoa da. Ez duzu etxetik atera behar ondo entretenituta egoteko, eta noski, ez duzu zertan inolako lanik egin horretarako. Ia edozer lor daiteke etxetik atera gabe. Horrek gizartea narkotizatzen al du? Ba segur aski neurri batean horrelako zerbait badago. Baina bueno, gauza batzuk oraindik besteekin harremanean egin behar dira, sexua adibidez. Dena den, litekeena da urte gutxi barru narkotizatutako gizarte hori espabilatu behar izatea, tokatuko zaie. Aldea zein da? Ba, guri oso gazte ginenean tokatu zitzaigula espabilatzea, besteak beste, etxetik kanporatzen gintuztelako. Eta hauek agian zahartzen direnean espabilatu beharko dute.

Lehen aipatu duzue kontzertu hauek, eta jasotako emaitza, zuentzat saria direla. Baina urte hauetan Hertzainak taldearen arrakasta, haren itzala, motxila pisutsua izan al da zuentzat?

J. Z.: Nik motxila hor izkina batean utzi nuen eta saiatu naiz horretan erreparatu gabe bizitzen. Imajinatzen dut honek (Gari seinalatzen du) arazo handiagoak izan zituela, motxila aldatu eta motxila berri bat eraman nahi zuelako. Baina gauza da norberak iraganari edo etorkizunari begira bizi nahi duen, besterik ez dago. Beste kontu bat da jendeak nola ikusten zaituen, hori ezin da ekidin, baina norberak jakin behar du hori kudeatzen.

G.: Horrelako arrakasta lortu ondoren, proiektua amaitzerakoan bakoitzak bere bidea hartu zuen, eta oso bide ezberdinak izan dira. Josuk esan bezala, nik musikan jarraitu dut, eta hor halako trantsizio bat egon da, non motxila bat kendu eta beste bat jarri dudan. Hasieran agian bai, baina azken 10-12 urtetik hona bidea eraikitzeko lan hori askoz lasaiagoa, sendoagoa eta kontzienteagoa izan da. Beraz, nire posizioak lasaitasun handia ematen dit proiektu hau hartzerakoan, zeren nik musika esparruan bidea egina daukat. Ni ez nago Hertzainak-en itzalpean, aspalditik. Beste publiko bat daukat, beste musika bat, beste mundu batean nago, niretzat erosoena dena eta musikalki gustura sentiarazten nauena. Horrek ez du esan nahi orain, errepertorio hau hartzerakoan, eroso ez nagoenik, baina txip aldaketa bat nabaritu dut eta landu behar izan dut. Hertzainak bezala kokatu behar naiz, baina ez 80ko hamarkadako Gari bezala, edo Hertzainak-eko kide bezala, gaur egunera ekarri behar izan dut. Bestetik, argi dago ez garela Hertzainak, baina uste dut, jendeak horrela erantzun duelako, gu biok azaltzeak Hertzainak bezala jarri gaituela publikoaren aurrean. Horregatik esaten dut hau guztiontzat sari bat dela.