Amaia Ereñaga, argazkiak: Conny Beyreuther
ARKITEKTURA INDUSTRIALA

Iragana eta etorkizuna lotzen dituen Txonta izeneko zulo beltz argitsua

70eko hamarkadako ingeniaritzako maisulana den biaduktuak sakonune bat libratzen du. Gipuzkoako mugan gaude, Eibarko Txonta auzoan. Etxeen eta tailerren sabaia dirudi autobideak, euskal industriaren lan martxa frenetikoaren eta gainbeheraren lekuko. Memoriaren urtzearen patuaren kontra ari dira lanean auzotarrak. Zer-nolako baliabideekin? Kultura, ekologia, borroka...

Horma batean, Erb Mon brasildar grafitigileak marraztutako Albert Einsteinen aurpegiaren ondoan auzoari izena eman dion txoria. Erlatibitatearen teoriaren aitak eta Fringilla coelebs xume batek (txontaren izen zientifikoa) bat egiten dute Eibarko auzo andeatuenean. Bueno, argitu dezagun Europan txori arrunta izanik, txontak baduela bere pedigria, Charles Darwinek Galapagoetan ikertu zuen espeziea baita. Eraitsitako eraikin hauen artean ibiltzerakoan, beren gordintasunean eder, txori izeneko auzoko hondakinen artean Euskal Herrian dagoeneko galdutako memoria industrialak bizirik dirauela sumatzen da, Eibar “tailer-hiria” zenekoak.

Are gehiago, irudimenari hegan utziz gero, Einsteinek aurreikusitako zulo beltz baten antza hartu diogu Txontari; zientzia-fikzioan legez, espazio-ontzia handik ateratzean zein espazio-denboratan egongo den dago zalantzan. 50-80. urteetako industriaren urrezko garaiak eta oraindik erabakitzear dagoen etorkizuna lotzen dituen zulo beltzeko zurrunbiloan sartuta baitago. Hain justu, egun Eibarko auzo berezi honen etorkizuna inflexio puntu batean dago; ondare industriala kudeatzeko etorkizun-sena izan versus erdibidean gelditu.

Euskal Herriko Detroit. Txontatik gora, hemen dena aldapa gora baitago, iraganaren eta etorkizunaren artean egingo dugun bidaian Juan Luis Tueros dugu gidari. La Plazoleta auzotarren elkarteko lehendakaria da erretiratu berri den ingeniari hidrauliko hau. Bizitasun handikoa, elkartea 2004an sortu zenetik hainbat borroka, manifestazio eta burutazio atera dira gizon honen buru azkarraren baitatik. 2. zenbakian eman diogu hasiera ibilbideari, 1921. urteko etxe baten parean. Auzoaren edo, hobeto esanda, kalearen –kale bakarreko auzoa baita Txonta– inbutuaren muturrean gaude.

Hemendik igarotzen zen mendeetan zehar Kantauriko portuak Ebroko inguruekin lotzen zituen bidea. Hona ere iristen zen 40ko hamarkadatik 80. urteetara bertara beharrera zetozen langileen uholdea. Kale hauetan mundu zabaleko jendea biltzen zen, Europako eta Ameriketako enpresekin lan egiten baitzen... baita nobleziarekin ere, arabiar herrialdeetako xekeak eta Juan Carlos I.a Borboikoa Eibarko armen edertasunak erakarrita hona etortzen zirelako. «Txonta Euskal Herriko Detroit izan zen. Europa osoan industria objektu gehien egin den auzoa da, bere tamaina kontuan hartuta. Galdera bat botako dizuet; nork ez du etxean hemen egindako zerbait? Seguruenik, denek», dio Tuerosek.

Egun ez da lan-jantzi askorik ikusten, baina egon badaude, Txonta ez baita erabat hustu. Hori bai, garai batean zeuden dendak desagertu dira. 400 bat biztanle izango ditu Txontak. Etorkinak asko, erretiratuak ugari. Eibarrek 70eko hamarkadan 40.000 inguru biztanle zituen; gaur egun, 27.600, Udalaren datuen arabera.

 

“Inbutuaren” muturretik barneratzerakoan, maldan gora zintzilikatuta dagoela dirudien eraikin industrial bat dago. Tuerosek dioenez, «Txontakoak desberdintzen dituena zera da, hemen arkitektoak bertako orografiara moldatu zirela. Eraikinek itxura biribildua hartu zuten espazioa profitatzeko eta, era berean, maila desberdinetan egiten zituzten, arrazoi berdinagatik. Beraz, beheko solairuetan toki gutxiago zeukaten goikoetan baino, ez baitzioten mendiari jan nahi lur-jausiak ekiditeko». Eraikinaren ondoan begi bistan, GR-121aren marka zuri-gorria, Gipuzkoari itzulia ematen diona. Ondoan, auzoko beste bereizgarri batekin egingo dugu topo: lehenengo hiru solairuetan tailerrak eta beste bietan etxebizitzak zituen eraikina. Langileen familiak nonbait sartu behar zituzten, ezta? Eraberritze lanen onuraren adibidetzat har daiteke etxe hau. Behean, Txonta Berritzen egitasmoaren bulegoa dago; goian, etxebizitzak solairu guztietan eta terraza eder bat.

Eibarko industriagintza armen jarduerarekin hasi zen, baina 60-70eko hamarkadetan, lehen industrialari haiei ekoizpena dibertsifikatzea otu zitzaien. «Kontuan izan ezazue 50 metro eskasetan, Espainiako bizikleten ekoizpenaren %90 egiten zela; auzoaren parean, Orbea zegoen; ezkerretara BH (Beistegui Hermanos) eta, gorago, armak bizikletengatik aldatu zuen lehen tailerra dago; GAC (Garate, Anitua y Cia), alegia, kanoien hodiak egin beharrean bizikletak egin zituen lehena». Horrez gain, inguruko tailer txikietan industria honek behar zituen osagarriak egiten zituzten: zelak, koadroak... Hemen guztia lotuta zegoen. Irudimena eta ekoizpena ikaragarria zen; auto elektrikoak, kirurgia materiala, telebistak, scooterrak, lanbrettak, josteko makinak... kanpineko esekilekuak ere egiten zituzten eta!

GAC tailerraren egoitzan eta, honek alde egin ondoren, Solac kokatu zen orubean –ohikoa zen auzokoa txikia gelditzen zitzaienean beste toki batera alde egin eta tailerra beste enpresa batek hartzea– aparkaleku handi bat dago. Ondoan, eraikinaren hondakinek aldarrikapen ozen bat helarazten digute: «Txonta berritu». Aparkalekua GACeko lehenengo solairua zenaren tokian dago; azpian, bulegoak, eta gaineko beste bi solairuetan, terraza moduan mendiaren gainean ezarritako mailak. «Lurrean bermatuta eraiki zituzten, makineria pisutsua –prentsak adibidez– jasan zezaten. Hemen parke bat egin nahi dugu, auzoa inguratzen duen pasealekuari lotuta joango dena. Gutxik dakite, gainera, Txonta Euskal Herriko auzo bakarra dela oinplanoan eta modu zenitalean ikusi daitekeena».

 

Auzoari bizitza, argia eta memoria eman. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jarritako 2,3 milioiekin, egun etxebizitzen eraberritze lanetan buru-belarri sartu da Txonta. Bide batez, gizarte-bazterketa arriskuan edo langabezian dauden auzotarrentzat ikastaroak antolatu dituzte. Baina gehiago dago; etorkizuneko “laborategia” bihurtuko baita Txonta, Bilboko Otxarkoagarekin batera, abuztuan auzo biak aukeratu baitzituzten Europako Horizon 2020 egitasmoaren aitzindari talde legez. Beraz, Opengela izena duen proiektuaren barne eta 1,7 milioi euroko poltsarekin, energia eraginkortasunaren helburu hartuta, bi “auzo ekologiko” berritzaile hauetan “egosiko” dena Europa eta Euskal Herriko beste herrietara hedatu daiteke.

Aukera paregabea hiltzear dagoen txoko bati bizigarri propioa emateko. Baina, nola? Hor dago gakoa, hor zuloa. Arkitektura industrialaren balioa nabarmendu, eta energia iturri berrietan eta kulturan, kirolean eta memorian oinarritutako erabateko eraberritze apustua egitea da auzotarrak biltzen duen La Plazoleta elkartearen helburua. Dauden eraikinak ahal den neurrian mantendu, bizi berria eman... ez, ordea, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak mahaian jarri zuenari jarraituz, alegia, auzoaren “bihotza” eraitsi babes ofizialeko 200 bat etxebizitza berri eraikitzeko. Laburbilduta –auziak ñabardura asko dituelako– 2004an, Iñaki Arriolak, egungo Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Eibarko alkate zela, Txonta bizitegi auzo bihurtzea proposatu zuen. Auzotarrak kalera atera ziren, egitasmoaren aurka eta beren etxeengatik eskaintzen zieten diru truke urriarekin haserre. Tirabira ugariren ostean, Udalak bozketa bat egitea onetsi... eta auzotarrek proiektua atzera bota zuten. Urteetako utzikeriaren ostean, deigarriena zera da, 2012an, EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Udaleko alderdi guztiak eta auzotarrak Txontako Mahaian bildu zirela Hirigintza Plangintza Berezia eztabaidatzeko. Baita ados jarri ere... baina Amenabar enpresak akordio hura EAEko Auzitegi Nagusira eraman zuen –auzoko lur asko eskuratu du; eraikuntza eragiketa biribila egiteko adina– eta hara non epaileak arrazoia eman zion Amenabarri! Beraz, dena geldirik, egungo zulo beltz argitsura arte.

Errespetua eta guzti ematen du autobideko biaduktuaren azpitik pasatzeak. Han, oinetan, Eibarko Industriaren Museoa kokatzea du helburu Juan Luis Tuerosek. Beste hainbat helbururen artean, noski; esaterako, autoak kaletik atera –horretarako aparkalekuak atonduko dituzte hutsik dagoen eraikin batean– eta 2020. urterako biaduktua azpitik zeharkatuko duen 500 metroko oinezkoen zubi bat eraikitzea. Horrez gain, amets bat gauzatu nahi du: auzoaren bihotzean dagoen eskualdeko zentral hidroelektriko aitzindaria (1919koa da) “berpiztu” nahi du Opengela proiektua profitatuz. Bertan mikrozentral hidroelektrikoa jarriko lukete, biomasa estazio bat eta eguzki panelak... eta auzoko argindar publikoa eta ur beroa, bermatuta. Traba bat dago bidean, Arriolaren sailak zentrala bota eta etxebizitzak jartzea proposatu duelako. Baina ez al ginen guztiok jasangarritasunaren aldekoak?