GALDER PEREZ
IRITZIA

2020ko jet lag-a

Zientifikoki hamarkada aldatu ez badugu ere, nahikoa dugu zifra berria egutegian ikustea hamarkadaren aldaketa sentitu eta barneratzeko. Bi bider hogei. Berrogei. Gehiago ere baditugu. Bi bider hogei, birritan gazte eta askoz gehiagotan ere izan ginen. Bi bider hogei, mendea aldatzea ere tokatu izan zitzaigun. Beti eman nahi izan diogu kutsu magikoa, sorginak bagina bezala, beste munduko edozer egiteko kapaz bagina lez. Eta horrela urte berri guztiak jet lag puntu batekin hastearen sentsazioa dugu. Aurrekoek hurrengokoek baino askoz pisu handiago dute, antza. Bi bider hogei tona dira, beharbada.

Egutegiaren pisua pilatutako estresaren ondorio izango da. Zer eta, estres gehiago behar duen estresaren jonkiaren abstinentzia sindromea eta estres gehiago pilatzen doana. Urte berria barreneko bake idiliko batekin hasiko bagenu, beste modu batez aurre egingo genioke zenbaki xelebrea dakarkigun 2020 honi. Ematen baitu urteei, bizi beharrean, aurre egin behar diegula. Baina bakerik ez, beti gerran aurre egin, urteetako eta hamarkadetako gerrak. Zenbakien gudetan galduta goaz. Gure bizipen guztiak gordetzen dituzten zifrak. Urteetako numeroak asmatu ezineko formulak dira. Oraindik ere, zorionekoak bagara, hamaika numero izango dugu bizitzeko eta ikusteko. Formularik ez dugu, ordea, eta urtarrileko lehen egun hauetan gure patua ustezko zenbakien sasizientzia astrologiko sorgindu baten menpe uzten dugu. Urte berriari inozoki begiratzen diogu ekarriko digunaren esperantzaz eta, batez ere, bueltatuko digunaren beldurrez.

Oraingoan, bere burua ispiluaren aurrean jarri du 20ak. Ispiluaren atzean dagoena deskubritzea tokatuko zaigu datozen egunotan. Ez dugu beste 20 bat ikusi gura. Horregatik, zorionak nahi badu, hautsiko dugu ispilua, atzean gordetzen dena ikusteko. Baina, ez, hobeto ez, bestela zenbat zorte txarreko urte? Urtea gure egin nahian, orduan, norberak aukeratuko balu bezala, sorginkeriaz ispilua gurutzatzea erabakiko dugu, urteetan jasotako aztikeriaz. Baina galdu egiten gara ispiluaren aurrean desioak eskatzen hasita. Iaz lagun bati gertatu bezala: urte berriari bizitzaren eguneroko erronka apalei erraz aurre egitea eskatu zion, besterik gabe, hain sinple. Urteak, trukean, kontrako ispilu batean bezala, konplikazioak ekarri zizkion soilik. Lagunak ispilua apurtu izanaren sentsazioaz bizi izan du aurreko urtea. Gabon zaharrean ez zuen inongo desiorik eskatu.

Horregatik beharbada, hobe da urtea gerran hastea. Barreneko bake idilikoak pentsatzeko eta desiratzeko tarte gehiegi eskaintzen du. Beraz, aukeran, jarrai dezagun gure estresaren jonkiari estres txuteak ematen. Ez dadila bere buruarekin gehiegi pentsatzen geratu. Oraintxe bizitza ederra dela irudikatzen baitu, borobila, urtea bezain borobila. Ez, ordea, karratua, bere burua eta ispilua bezain karratua. Eta jet laga ez da pasatuko. Gurekin biziko da beti, betiko eta betiko ispilua hausten ez dugun bitartean.