24/05/2020

amagoia mujika
Etxean sentitu
Kaleak gureak direla esan diot, ez poliziarenak. Baina dagoeneko nire egia zartatuetan arrakalak ikusten ditu. «Ama, hori lehen izango zen. Orain ja kaleak ez dira gureak». Ni ere ez naiz hain patxadaz ibiltzen kalean orain, batzuetan arnasa eutsita ibiltzen naiz.

Etxean sentitzea gauza handia da. Bizkarretik atea nola ixten den sentitu, zapatak erantzi, etxeko usaina sumatu, seguru sentitu, etxean sentitu. Baina etxea ez da etxea bakarrik. Etxea ez da gure bizitza besarkatzen duten lau pareta horiek bakarrik. Kalea ere bada etxea. Etxean sentitzea da zureak sentitzen dituzun kaleak zapaltzea, ezagunen agurrak bueltatzea, espero gabeko lagunak topatzea, hizketaldiak inprobisatzea, patxada sentitzea, lasai ederrean egotea.

Beretzat kalea etxea izan da orain arte. Edozein paretatan pilota partida inprobisatu, azken-azken tantoa behin eta berriz jokatu, lagunekin petrilean eseri eta pipak jan, edozeinen bizikleta hartu eta bueltaka ibili, korrika egin, barre egin, elkar zirikatu, afaltzera igotzeko ordua behin eta berriz luzatu txirrinetik «mese, mese...» baimena eskatuz.

Gu ere horrela hazi ginen. Nire gurasoen balkoitik umetako nire lagun minaren balkoia ikusten nuen. Ederra zortea. Keinu bat urrutira eta bost minuturen buruan patinekin plazan ginen. Akordatzen zara? Plaza hartan baino seguruago ez ginen inon sentitzen, ez seguruago ezta askeago ere. Gurasoenetik zure balkoia eta gure plaza ikusten dira. Gu kalean hazi ginen eta auzoak hazi gintuen. Gustatzen zait gure etxeko txikiak ere antzera hazten ari direla ikustea. Orain arte, behintzat.

Baina orain kolore guztietako poliziekin zorabiatuta egoten da albistegiei begira. Kalera atera ez den aste luze horietan, bereak ziren kaleak beste norbaitenak bihurtu direla sentitzen du. «Ama, birusak baino beldur handiagoa poliziek ematen didate». Aspaldiko partez atera gara eta arrastaka sentitu dut, «hor ere egoten dira poliziak?». Kaleak gureak direla esan diot, ez poliziarenak. Baina dagoeneko nire egia zartatuetan arrakalak ikusten ditu. «Ama, hori lehen izango zen. Orain ja kaleak ez dira gureak».

Batzuetan isiltzea hobe da. Gustura esango nioke ni ere ez naizela hain patxadaz ibiltzen kalean orain, batzuetan arnasa eutsita ibiltzen naizela eta tristurak azkar bultzatzen nauela bueltan etxera, lau pareta arteko etxe horretara. Horren partez, «kaleak beti gureak izango dira», erantzun diot irmo samar, bera eta neroni konbentzitzeko bezala.

Hainbeste obeditu ondoren, oso garbi ez dauzkagun hainbeste arau bete ondoren, hainbeste beldur pasa ondoren, hain estu sentitu eta gero, hain mugatuta egon ondoren, hain zaurgarri eta ahul sentitu eta gero, kalean ibiltzen berriz ikasi behar dugula ematen du. Eta, seguruen, oraingo ibiltzeko modua ez da lehengoaren berdina izango. Haurrak ginela seguru eta aske sentiarazten gintuen plaza haren pareko kaleak eraikitzen asmatuko ote dugu sikiera.