amagoia mujika
IRITZIA

Haurtzaroa azala da

Burutazio bikainak ditu. Egun hauetan bete ditu sei urte. Besarkada zalea eta muxu errazekoa. Gorputza gorputzaren kontra. Beti bilatzen du bestearen azala. Lotarako ere, hatz lodia ahoan sartzen du eta albokoaren belarria eustea gustatzen zaio. Hori bai, belarriak hotza egon behar du. «Izeba, zein belarri beroak dituzun». Txanogorritxoren ipuinaren aldaera zelebrea. Belarri bat berotzen denean, bestea. Eta horrela begiak errenditu eta lo hartzen duen arte. Duela gutxi serio demonio esan zidan berari Doraemon ez zaiola asko gustatzen. «Zergatik?». «Belarririk ez daukalako».

Bitxia da. Nik bere adina nuenean gure gelan bazen bikote zelebrea. Beti elkarren ondoan egotera kondenatuta zeuden, bietako batek ohitura bitxia zuelako: hatz lodia ahoan sartu eta lagunaren belarria eustea. Horrexek ematen zion lasaitasuna. Baina beti lagun horren belarria. Beste belarriek ez zioten balio. Argazkiak ere badaude. Joan den urtean, argazki horietatik 30-35 urte pasatuta, bazkari batean elkartu ginen eta eszena errepikatu zuten biek ondorengo parrandan. Zein gustura egin genuen barre.

Haurtzaroa azala da. Mukiak lasai partekatzen dira, baita txikleak ere batzuetan. Lagunei eskutik helduta joatean mundua leku segurua bihurtzen da eta hamaiketakoa partekatzeak lagunago egiten zaitu, kasik betirako. Besarkadak ezinbestekoak dira. Mina hartzen duzunean eta negarrez lehertuko zarela sentitzen duzunean, besarkada batek baretzen dizu arnasa, bihotzaren taupada mantsotzen dizu eta min izugarri horren parte bat besteak hartzen du, zu lasaitu zaitezen.

Eskolara bueltatu zarete, hanka puntetan bezala. Dena maskara eta distantzia. Baldintza berezietan eraiki beharko duzue laguntasuna, arauak aldatu baitira. Mundua hankaz gora jarri da eta zuen inguruko helduak ere ez daude lasai, nahiz lasaitasun plantak egiten ari diren. Matematikek lehengoak izaten segituko dute gutxi edo gehiago. Izango duzue matematiketarako tartea orain bezala gero. Besteak gehixeago kezkatzen nau, beldurraren, arauen eta mugen testuinguruan asmatuko ote duzuen laguntasun ahaztezinak eraikitzen. 30-35 urte beranduago bazkari batean ospatzen diren laguntasun horietakoak. Baina badakit bikainak eta bakarrak zaretela eta zuen altuera horretatik begiratuta mundua ederragoa dela.

«Izeba, azkena lagunak ikusi nituenetik hortz pila bat erori zaizkit eta maskararekin joan behar dudanez, lagunek ez dituzte nire zuloak eta hortz berriak ikusiko». Kezka garrantzitsua da zalantzarik gabe. Arduradun politikoek osatu dituzten protokolo ponpoxoetan ez dut horri buruzko argibiderik irakurri. Akaso ez dira behar adina makurtu, haur baten begiek zer ikusten duten igarri ahal izateko.