Amaia Uribe
IRITZIA

Irribarreak

Estatu Batuetan berriro hasi gara irribarreak ikusten eta irribarre egiten. Hamalau hilabete luzeren ostean, immunizatuta gaudenok ez dugu musukorik jantzi behar. Eta ze ederra den berriro arnasa sakon hartu ahal izatea eta eguzkiaren beroa masailetan sentitzea. Baina aitortu behar dizuet biluzik ere sentitzen naizela tarteka, musukorik barik arriskuan banengo bezala. Berez, supermerkatuetara, jatetxeetara eta zinemara aurpegia estali gabe joan gaitezke baina, oraingoz behintzat, toki itxietan lasaiago egoten naiz aurpegia estalita badaukat. Eta uste dut denbora dexente igaroko dela New Yorkeko metro zikin eta jendetsuan musukorik gabe joatera ausartu arte.

Ohitu egin gara musukoetara. Gehiegi, agian. Atera kontuak, pandemia garaian ezagutu ditudan pertsonak ez ditut identifikatzen ahoa eta sudurra estalita izan ezean. Orain arte musukorik barik ikusi ez ditudanez, beraien aurpegiak asmatu egin ditut eta musukoa kenduta ez dira nik imajinatzen nituen modukoak. Sudur txikiagoa daukate, edo hagin okerragoak. Aho zabalagoa, edo irribarre serioagoa. Eta, aldiz, lehendik ezagutzen nituen pertsonak aldatu egin dira. Zimur gehiago dituzte, edo masail beteagoak. Hortzetako aparatua jarri dute edo lehengo irribarrearen distira galdu dute. Baina orain arte ez nintzen horretaz konturatzen. Antzeko zerbait gertatzen zaio lagun baten zortzi hilabeteko umeari. Musukoak ikusten hazi da eta orain irribarre egin diogunean negarrez hasten da, ez zaiolako gustatzen hagin guztiak bistan uzten dituzten gure irribarreak ikustea.

Zenbat aldatu digun bizitza oihal zati honek. Koronabirusetik babestu gaitu, baina elkarrengandik urrundu gaitu. Espresioa ez ezik, konplizitatea galdu dugu irribarre pandemikoak ez direlako ikusten. Beroa eta gertukoa den keinua hotza eta urruna bihurtu da, eta kolore, zabalera eta forma guztietako irribarreak ikustetik, kolore, zabalera eta forma guztietako musukoak ikustera igaro gara. Musuko horien azpian, gainera, askok ez dute irribarre egiteko motiborik izan, gertukoren bat galdu dutelako, lanik barik geratu direlako edo ditxosozko pandemiaz nazkatuta daudelako.

Normaltasuna gertuago dago eta Estatu Batuetan iritsi da musukoak kentzeko unea. Kostatu egingo zaigu hasieran, baina oihal horretara ohitu garen moduan, ohitu egin beharko gara berriro irribarreak ikustera eta, batez ere, berriro irribarre egitera.